EQUO Berdeak alderdiak Vía Irun proiektuaren parte hartzeko prozesua auzotik auzora hurbiltzea eta epeak luzatzea eskatu du

plano Vía IrunAlderdi ekologistaren ustez, Udalak diseinatutako prozesua ez da egokia irundar guztien inplikazioa lortzeko, on line inkestetara eta zentro zibiko bakarrean bilera batzuk egitera mugatu direlako. “Sekulako aukera baten aurrean gaude, eraginpeko auzoak erdigunearekin konektatzeko, eta Irun Hondarribiarekin eta Europako bide berdearekin lotzeko aukera izango baitugu. Eta aukera hori ondo aprobetxatu behar dugu”

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, VíaIrun proiektuaren parte hartzeko prozesuak ez du zerikusirik herritarren parte-hartzea bultzatzeko benetako ekimen batekin. Funtsezko proiektua da hiri-ereduaren konfigurazioari dagokionez, eta horregatik, parte hartzeko proiektuak maila berean egon behar luke. Irundar guztien inplikazioa sustatu behar da, gai horrek bete-betean eragiten dielako, eta, proiektu hori aurrera eramateko, baliabide publiko ugari behar direlako. Alabaina, Udalak diseinatutako prozesua ez da herritarrak inplikatzeko gauza izango.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, udalak online iritziak jaso ditu modu nahasi samarrean, eta lau informazio-bilera antolatu ditu zentro zibiko berean; hori besterik ez. “Planteamendu hori ezin daiteke gizarteak eztabaidatzeko eta erabakitzeko forotzat hartu, ezta adimen kolektiboa aktibatzeko gunetzat ere”, adierazi dute Gipuzkoako batzarretik.

Herritarren benetako parte-hartze orokorra bermatzeko, alderdi berdeak Irungo Alkate Kabineteari gutun bat bidali dio, prozesuko epeak luza daitezela eta metodologia zabal dadila eskatzeko. EQUO Berdeak alderdiaren ustez, bilerak auzotik auzora antolatu beharko lirateke. Horrez gain, arlo horri buruzko erabakiak hurrengo legegintzaldirako uztea proposatu dute, “maiatzeko hauteskundeek udal-gehiengoak aldatzea ekar dezaketelako berekin”.

Alderdi berdearen ustez, Irungo trenbide-instalazio eta azpiegitura zaharkituek okupatutako espazioak berreskuratzeak eskaintzen duen aukera aprobetxatu behar da gizarte- eta ingurumen-alorretan jasangarriak izango diren proiektuak garatzeko, hiria klima-aldaketaren mehatxura egoki dadila erraztu eta auzokoen eta hiriaren premiak estaltzearren. “Sekulako aukera baten aurrean gaude, eraginpeko auzoak erdigunearekin konektatzeko, eta Irun Hondarribiarekin eta Europako bide berdearekin lotzeko aukera izango baitugu. Eta aukera hori ondo aprobetxatu behar dugu”.

Etiquetas: