Maskaradak Irunera iritsiko dira, Kemen Dantza Taldearen eskutik

Iparraldeko MaskaradaPio XIItik irtengo da konpartsa, larunbat eguerdian.

Zuberoako Maskaradak plazaratuko ditu Kemen Dantza Taldeak, eta haren harrobi guztiak, larunbatean, martxoaren 2an. Euskal Herriko lurralde eta herri ezberdinetako inauteriak Irungo kaleetara ekarri ditu Kemenek azken urteetan, inaute larunbatean. Aurten hamargarren edizioa du ekimenak.

Maskaradak Zuberoan ospatzen dira, inauteri garaian, urtarrilean hasi eta ia Aste Santura bitarte. Urtero Zuberoako herri batek hartzen du Maskaradak antolatzeko ardura eta herriz herri ibiltzen dira igandero antzezten.

Dantzaz, musikaz, kantuz eta antzezpenez osatutako ikuskizunean bi talde ezberdintzen dira. Gorriak, dotore jantziak eta ordena mantentzen dutenak; eta Beltzak, zikinak, baldarrak eta zaratatsuak.

Gorrien taldean dantzari finenak diren aintzindariak daude: Txerreroa, Gatuzaina, Kantinersa, Zamaltzaina eta Entseinaria. Hauekin batera Jauna eta Anderea, Laborari eta Laborarisa, Marixalak eta Kükülleroak. Beltzen taldean, saltoka eta txantxetan aritzen diren Buhame eta Kauterekin batera, ofizio desberdinak dituzten Xorrotxak eta Kerestuak daude.

Pertsonaia horiek guztiak kaleratuko ditu aurten Kemenek, Maskaradako dantza esanguratsuenak eginez: barrikadak, zamaltzainaren ferraketa, kerestuen dantza, godaleta, branlea, buhameen dantza, aintzina pika eta kadrilak.

Aldaketa ibilbidean

11:30tan elkartuko da konpartsa Pio XII plazan. 200 bat lagun baino gehiago izango dira, Adaxkako haurrak, monitoreak, helduen taldeko kideak eta gurasoak kontuan hartuta. 12.00etan lehen dantzak egingo dituzte plazan bertan eta ondoren, kalejiran, hurrengo ibilbidea osatuko dute: Pio XII plaza, Serapio Mujika, Juan Arana, Gipuzkoa etorbidea, Zabaltza plaza, Colon ibilbidea, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan Harria plaza.

Ibilbidean zehar, Zabaltza plazan geldialdia egongo da, zenbait dantza eskaintzeko. San Juan Harria plazan ikuskizun luzeagoa izango da eta bertan amaituko da goiza. Aurtengoan, beraz, inauterien formatua dela eta, ibilbidean aldaketa txiki bat egongo da. Erromes plazan bukatu ordez, San Juan Harria plazan geldialdi luzeago batekin amaituko da.

Puska Biltzea, igandean

Irunen ohitura denez, zenbait elkartek nekazal inauterien tradizioari eusten diote inauteri

asteburuan zehar. Kemen Dantza Taldeak Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatzen ditu igande goizez, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz, eta goizaldea goxatzeko puskak bilduz. Aurten ere, martxoaren 3ko goizean irtengo da Kemen.

Irungo inauterietako ohituretan zaharrena da Puska Biltzea. 1936ko gerraren aurretik, baserriz baserri eskean aritzen ziren gazteak inauterietan, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan bezala. Abestu beharrean, dantza egiten zuten.

Hiriko zenbait elkartek 1970eko hamarkadaren amaieran berreskuratu zuten ohitura hura.

Baserritarren laguntzaz ikerketa lana egin zuten, gerraren aurretik Irunen Puska Biltzea nola egiten zuten argitzeko. Fandangoak eta arin-arinak dantzatzen dituzte taldeek baserrietan, trikitixaren eta panderoaren, edo txistuaren eta danbolinaren musikaz. Ondoren, baserritarrek emandako jakiak edo puskak biltzen dituzte.

Etiquetas: