Su Txikian Elkarte Feministak egoera larria salatu nahi du, nahikoa da! Irtenbide bat Maria Joserentzat! #ViviendaDignaMJose

Un Alquiler social para María JoseSu Txikian Elkarte Feminista.- Honezkero denek entzun dugu Maria Jose Porrinoren historia eta bere borroka etxebizitza duin bat lortzeko. Ezin dugu imajinatu zeinen latza izan behar duen beretzat ia 40 egunez San Juan Plazan akanpatuta egotea, hare gehiago bere egoeran.

Ulergaitza suertatzen zaiguna da, nola Irungo Udalak onar dezakeen egoera

tamalgarri hau existitzea eta hainbeste luzatzea.

Hauteskunde garai honetan behin eta berriro entzun ditugu politikariak etxebizitzari buruz hizketan, konkretuki Jose Antonio Santano alkatearen programan ondorengoa irakurri dezakegu: “Jaio, hazi, bizi, gozatu... pertsonak erdigunean. Proiektuak eta ekintzak ardatz horren gainean biraka”. Pertsonak omen gara alkatearentzat garrantzitsuenak, baina pertsona bakar batzuei buruz ari dela argi dago, Maria Joseren eskubideak zer? Irungo emakumeen eskubideak zer? Migratzaileen eskubideak zer? Badirudi alkate honek Irungo biztanle batzuengan bakarrik pentsatzen duela, bozkatzen dioten horietan.

Politika sozialak dira gure nortasun ikurretako bat” dio bere programan. “Aurrera egiten jarraitu behar dugu eta erantzunak ematen, elkartasuna, berdintasuna, iritarren oinarrizko eskubideak, gizarte inklusioa, elkarbizitza...”. Helburu politak dira denak, baina errealitatean hutsalak, etorkizuneko erronka moduan planteatuak eta apaingarri hutsak.

Zergatik planteatu gauza guzti hauek etorkizunerako jada bete badaitezke? Ez ahal da etxebizitza hiritarren oinarrizko eskubidea?

Hauxe da Irun ulertzeko dugun era: bizitzeko leku bat, atsegingarria eta habitagarria” dio Santanok. Baina ulertzeko zein-nolako era? Etxebizitza eskubiderik gabe eta lan prekarizatuekin? Beste behin ere hiritarren parte bati bakarrik egiten diola erreferentzia dirudi. Ez dugu uste Maria Jose deskribapen horrekin ados dagoenik San Juan Plazan eserita dagoen bitartean ia 40 egunez behar duen etxebizitza duina aldarrikatuz.

Su Txikian Elkarte Feministak egoera larri hau salatu nahi du, nahikoa da! Irtenbide bat Maria Joserentzat!

Etiquetas: