EH Bildu Hondarribia.- Abuztuaren 26an, astelehenarekin, Hondarribiko alkateak hedabideei jakinarazi zien irailaren 8ko alardeko ordutegiak aldatu beharko liratekeela bere iritziz. Horretarako, alkateak honakoa proposatzen du: elkarte zibil batek (Alarde Fundazioa) antolatzen duen gizonezkoen desfilea 7:55ean izatea, eta Jaizkibel Konpainiarena ondoren.
Alkateak, berriro ere, elkarrizketarako bermeak ezarri ordez, egoera konpontzeko duen ardurari uko egin dio. Elkarrizketa prozesua abiatzeko erakutsi zuen ausardia eta oreka alferrik galdu ditu, eta gizonezkoen desfilea antolatzen duen elkarte pribatuarekin lerratu da. Proposamen horren ondorioz, desfilatzen duten emakumeei ikusgarritasuna kenduko litzaieke, ordutegia aldatuta, espazio publikotik desagerraraziko lirateke. Zein eta erasotuak direnak izango lirateke berriro gutxietsiak. Alkateak gauza bat esan eta kontrakoa egin du, tentsioa apaldu nahi duela esan eta bazterkeria sustatu du. Horrek tentsio pizten du.
Azkenik, urtero bezala, Jaizkibel Konpainiak desfilatzeko eskaera egin du; Ertzaintzak baimena eman dio eta azken urteetako ordutegi bera finkatu du. Alkateak ez luke, aldebakarreko erabakiz, inorekin hitz egin gabe, desfilearen ibilbidea eta ordutegia aldatzeko proposamenik egin behar, guztiz arduragabea da. Hondarribian azken urteetan egon diren alkateen ardurarik ezak berdintasunaren aurkako mapan ezarri du herria, Euskal Herrian, zein nazioartean.
EH Bilduk, urtero moduan, Jaizkibel Konpainiari harrera eta jarraipena egingo dio. Berretsi nahi dugu gure konpromisoa jai publiko, parekide eta parte hartzailearen alde. Bien bitartean, elkarrizketa prozesua babestuko genuke orain artean egin dugun moduan.