Maiatzak-1 arekin ez dugu aski! Maiatzerako egitaraua #KapitalaHautsiBizitzariEutsi

Maiatzak-1 arekin ez dugu aski! Maiatzerako egitaraua #KapitalaHautsiBizitzariEutsiEz dugu aske izaterik, subirau izaterik sistema kapitalistaren baitan. Irungo ezker abertzaletik argi dugu eta uste dugu konstatazio historiko bat dela. Sistema kapitalista, bizitza bera, jendartea eta natura bere metaketa logika-pean menderatzen eta esplotatzen duen sistema bat da. Dena da zilegi kapitalarentzako eta berau ordezkatzen duten kapitalista eta estatuentzako, herrien eta pertsonen des-jabetzan sakontzeko, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan pilatzen jarraitzeko.

Ondotxo ezagutzen ditugu honek dakartzan ondorioak: Esplotazioa, bizitzaren prekarizazioa, bazterketa soziala, ama lurraren suntsiketa, garapenzalekeria, pobrezia, bizitza eta eskubideen merkantilizazioa, etab. Pertsona eta kolektibo bezala, gure bizitzaren gaineko kontrola galtzea, menderatuta bizitzea.

Kapitalismoa ere, mundu mailako dominazio egituren parte da, eta zutabe diren beste dominazio sistemekin artikulatzen da: : Patriarkatua eta inperialismo-neokoloniala. Bakoitzak baditu logika propioak eta genealogia historiko bereizgarriak, baina egun, bikain uztartzen dira, elkar indartu, herri sektoreen dominazioa bermatzeko.

Dominazioa pertsonen bizitzetan sartzen da berau kapitalaren mesedetan antolatuz. Era berean, herri osoen eskubideak jazartzen ditu, beren eskubideak ukatuz hauek dominazio sistemaren “satus-quo”aren oinarriak higatu baditzakete. Hau ondotxo ezagutzen dugu Euskal Herrian.

Kapitalismoa, bizitzaren kontra doan sistema bat da. Bizigarriak, asebetetze maila onargarridun bizitzak eraikitzea ukatzen digu sistematikoki herri sektoreei, herri honetako langileoi. Horregatik, bakoitzaren testuingurutik, kapitalismoa borrokatu beharreko sistema da, gainditu beharreko dominazio mota.

Eta gure testuingurua, guk argi dugu Euskal Herria da. Euskal Herria herri honek horrela nahi duelako. Eta Euskal Herria da, Europa kapitalistako dominazio sistemaren baitan, Euskal Herria katebegi ahulenetako bat delako. Gure herrian, borrokaren poderioz, sortu ditugulako gehiengo sozial indartsuak bizitzaren aldeko eta kapitalaren kontrako apustua egina dutenak. Sortu ditugulako baldintzak, eta sortzen jarraituko ditugulako baldintzak pertsonak erdigunean jarriko dituen sistema berri bat eraikitzeko. Guztion artean diseinatzen eta eraikitzen joango garena eta guretzat behintzat aterki argi bat duena: Demokrazia herritarrean oinarrituriko euskal sozialismoa

Borroka gogorra dator, eta horregatik uste dugu prestatzen jarraitu beharrean gaudela. Mobilizazioz sistemaren topeak agerian utzi eta jende gero eta gehiago euskal sozialismoaren proiektura hurbildu. Analisiaz pauso bakoitza ebaluatu eta gogorrago jotzeko sistema ondo ulertu, bere ahulguneak identifikatu. Antolakuntzaz biak sintetizatu eta praxi eraldatzaile bat egunerokoan aurrera eraman. Ezkerretik egin behar dugun prozesu subiranistan aurrera egin.

Bide horretan, Irungo Sortutik Maiatzerako proposamen batekin gatoz.

Maiatzak 1: Denok Iruñara

“Euskal Herriak Erabaki. Kapitala Hautsi Bizitzari Eutsi” lelopean LAB-ek antolaturiko manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten diogu irungo independentista eta ezkertiar orori.

Autobusa antolatu dugu eta 09.00tan aterako da San Juan enparantzatik. Apuntatzeko LAB-eko egoitzan, telefonoz (943624714) edota asteburuan zehar Hazia Kultur Elkartean

Maiatzak 16: Marx Txapeldun. Hizlaria Joseba Permatx

Hazia K.E. 19.00tan

Euskal Herriko kokapen historikotik, Marxismoak sistema kapitalista aztertu eta borrokatzeko eskaintzen dizkigun tresnak ezagutuko ditugu

Maiatzak 22: Jubilatuen pentsioak bideragarriak al dira?

Hazia K.E. 19.00

Gurekin izango ditugu Baleren Bakaikoa aditu eta aritua eta Duintasuna mugimendua. Ezker ikuspegi batetik eta Euskal Herritik, pentsio sistema aztertuko dugu eta borrokarako klabeak landu

Maiatzak 28: Gaur eta Hemen. Kapitalismoari alternatibak Behe Bidasoan

Hazia K.E. 19.00

Ez al dago ekoizpen eredu kapitalistari alternatibarik? Noski baietz! Eta ez maila teorikoan soilik, baita praktikoan ere. Eta ez munduan barrena bakarrik, baita gure eskualdean ere. Baina...zer da alternatiba zentzu honetan? Eta sistemari alternatiba? Horretarako, ikuspegi antikapitalista batetik kapitala zer den, ekoizpen modu kapitalista zer den eta horrek eragiten duen jendarte antolaketa hegemonikoa ulertu beharra dugu. Hori landuko dugu, kasu honetan hitzaldi-tailer formatuan

Animatu, pentsatzeak, sentitzeak eta borrokak egingo bai gaitu aske!

Etiquetas: