Abotsanitz.- Lehen legengintzaldia da Abotsanitz Hondarribiko Udalean izan dela.
Lau urte hauetan udaletxeko jardueren bizipenak gazi-gozoak izan direla adierazi behar dugu.
4 urte hauetan Abotsanitz Udal Taldeak egindako lana balioan jarri nahi dugu; 25 mozio aurkeztu ditugu, 120tik gora idatzi eskaera egin ditugu, 40tik gora ekarpen egin ditugu aurrekontuetan hobekuntzak egiteko eta Udal Gobernu Taldearen jardueraren kontrola egin dugu udaletxean. Adierazi beharra dugu urteak pasa hala, eskarmentua hartzea ekarri duela eta hobetzeko bidea izan dela.
Egindako lanketa guzti hauetan, bereziki azpimarratu behar dugu lanketa hauen oinarrian Abotsanitz Udal Taldearen ekimenaz gain, herriko eragile eta herritarrek egindako hainbat ekarpen egin direla. Gure asmoa herrian sentitzen diren arazoei erantzutea izan da eta Udal barneko arazoei konponbideak proposatzea.
Lan eskerga handia izan da egindakoa, baina tamalez egitasmo gehienak ez dira indarrean jartzerik izan. Batzuetan udalbatzan onartu eta ez direlako indarrean jarri, beste batzuetan udalbatzan gehiengo osoaren bitartez atzera bota dira eta beste batzuk ez dira kontuan hartu ere. Aipatu beharrean gaude, aldiz, aurrera atera den ekimen bat, Mugikortasun Mahaia eratzea proposatu zen eta martxan dagoen lanketa hau modu interesgarrian baloratzen dugu.
Kezka adierazi nahi dugu Hondarribiko Udaleko barne egoeraz, saiatu arren ez baitugu lortu ondoren adierazitako egoerak hobetzea:
Langilegoaren ikuspuntutik egoera larria dela uste dugu; legealdi honetan 12 funtzionariok beraien lan ibilbidea bukatu dute eta 2 funtzionario berri besterik ez dira sartu.
Udal zerbitzuen kontratazioei dagokienean, badaude hainbat kontratu urte luzez iraungita egonagatik ere indarrean dirautela. Honek egoera irregularrak izatea eragiten du.
Hondarribia Lantzen eta Arma Plaza Fundazioaren inguruan ere gauzek ez dute behar bezala funtzionatu.
Eragileek zein herritarrek egiten dituzten eskaerei ez erantzutea eta behin eta berriro idatziak sartzen aritzea GARDENTASUN EZAren adierazle nagusietako bat dugu.
Udal Gobernu Taldearen ekimenari dagokionean, adierazi beharra dugu demostratuta geratu dela talde batek gehiengo osoa izateak ez duela herriaren funtzionamendu egokia errazten. EAJko gobernukideek gehiengo osoa baliatu dute udal politika egikaritzeko. Hau izan da ziurrenik herri honek izandako zama edo lastre handienetako bat.
Txomin Sagarzazu alkateari dagokionean, orokorrean hitz goxoak erabili baditu ere, erronken aurrean ez da batere abila izan. Zinegotzi zen garaiko arazoak, hala nola kultur ekipamenduen eraikinen araudia burutzea lortu ez zuen bezala, egun mahai gainean jarraitzen duten arazoak izaten jarraitzen dute.
Azkenik, bai Gobernu Taldea eta baita Txomin Sagarzazuren autokonplazentziak txundituta utzi gaitu. Izan ere, legealdiaren inguruko balorazioa egiterakoan Legealdi Planaren % 80 inguru bete dutela diotenean, ez dakigu nondik ateratzen duten datu hori. Ez legealdi planetik ezta inbertsio plangintzatik ere ezin izan da atera balorazio hori. Beraz, Udala mantsoaldi batean dagoela ondorioztatu dugularik.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 971 irakurketak
- Castellano