Jokin Melida bozeramaileak nabarmendu duenez “margen oso txikia dago heritarren ongizatean eragingo duten proiektu sendo eta anbiziosoak aurrera eramateko”
Irungo EH Bilduko Jokin Melida, Oihana Briones eta Ane Unanue zinegotziek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean koalizio abertzaleak kreditu aldaketaren aurrean duen jarrera azaltzeko.
Hasteko, Jokin Melida bozeramaileak nabarmendu duenez “mota honetako kreditu aldaketa bat orain eta modu horretan ekartzea ez da ohikoa. Urtea bukatzeko hiru hilabeteren faltan 8 milioi euro zertan gastatu/inbertituko diren onartuta ez egotea, zalantzarik gabe, anormaltasun seinalea da”.
Melidak gogorarazi duenez, egoera honen zergatia 2018ko aurrekontuen luzapenean dago. Izan ere “orduko udal gobernuak, euren gutxiengoaren konsziente izanda, erabaki zuen hobe zela hauteskunde urtean udalbatzan porrotik ez jasotzea, herrian inbertitzeko aurrekontu handiago bat edukitzea baino”.
Hala, Melidaren arabera, laster hasiko den aurrekontuaren negoziaketak “berebiziko” garrantzia izango du, eta Irungo EH Bilduk bertan “indar eta ahalegin guztiak” jarriko dituela zehaztu du.
Kreditu aldaketari dagokionez, heritarren ongizatean eragingo duten proiektu sendo eta anbiziosoak aurrera eramateko oso margen txikia dagoela azaldu du Jokin Melidak, orain planteatzen diren proiektuak abenduaren hasierarako bideratuta egon behar dutelako. Egoera horren aurrean Irungo EH Bilduk “arduraz” jokatuko duela zehaztu du Melidak “margen eskas hori ahalik eta ondoen baliatzen saiatu gara Irungo herritarren eta talde, elkarte, klub eta eragileen beharreei erantzuteko”.
Horretarako, EH Bilduk hainbat zuzenketa aurkeztu ditu. “Alde batetik, herritarren eskaerei erantzun nahi izan diegu, eta bestetik gure taldearen balioei lotuta dauen eta aurrekoetan onartuak izan ez ziren zuzenketak aurkeztu ditugu” azaldu du Melidak. Orotara 10 zuzenketa aurkeztu ditu koalizio abertzaleak, 167.000 euroko kopuruarekin. (hurrengo orrialdean dituzue).”
Azkenik, Ogasun delegatuarekin hainbat bilera egin dituztela eta bertan “etorkizura begirako hainbat konpromiso” lortu dituztela ezagutarazi du koalizio abertzaleak. Konpromiso hauek baratza ekologikoen proiektuen bigarren fasearen eta euskarazko komunikabideen sustapenaren ingurukoak dira.
AURKEZTUTAKO ZUZENKETAK:
Ekonomia eta etxebizitza:
1- Merkataritza txikia laguntzea teknologia berrien inguruko proiektua gauza dezan (60.000 euro)
2- Gazteen eta langabeen kontrataziorako bideraturiko diru laguntzak ezagutzera emateako saioak egiteko (2.000 euro)
3 – Hutsik dauden etxebizitzen ezaugarriak jasotzen dituen errolda osatu bat egitea. (20.000 euro)
Ekologia eta energia:
4- Energia berdearen zerbitzua martxan jartzeko ezterketa egitea
Kultura eta euskara:
5- Batez ere euskaraz egiten den eskaintza kultura handitzeko (5.000 euro)
6- Oiassoko termen proiektua eguneratzeko (5.000 euro)
Herritarrak, adinekoak eta mugikortasuna:
7 eta 8 Adinekoen zentroetan ekintzak egiteko eta auzo elkarteetan materiala erosteko (15.000 euro eta 20.000 euro)
9- Txirrindak eta patineteak espaloitik ibili ez daitezen kontzientziazio kanpaina egitea (10.000 euro)
Memoria historikoa:
10- Irungo udalean etenaldiekin gauzatzen ari den memoria historikoaren proiektua behingoz eta era duinean gauza dadin (20.000 euro)
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 886 irakurketak
- Castellano