Konfinamendutik askatasunera, presoak etxera!

Iratxe Fermo BEra Aitor Zuekin GaudeSalbuespen politiken deuseztapenerako garaia da

Sortu Irun.- Pandemiak jendartearentzat oro har, aparteko neurriak probokatu ditu, goiz ala berandu altxako direnak. Euskal preso politikoek hamarkadak daramatzate salbuespeneko neurriak pairatzen eta bada garaia guzti horien deseskaladarako, denak deuseztatzeko.

COVID-19ak eragindako pandemia deklaratu zenetik, bai nazioarte mailako, bai bi estatuetako zein Euskal Herriko hainbat eragilek, bai frantziar gobernuari, zein espainiarrari presondegietan aplikatzeko premiazko neurriak hartzeko eta garatzeko eskaera luzatu die. Agerikoa da gobernu espainiarraren jokabidea ezin arduragabeagoa izaten ari dela krisiaren aurrean. Eta errealitate horren aurrean, beste behin aste honetan, espainiar gobernuari neurri horiek hartzeko ezinbestekotasuna berretsi zaio hainbat eragileren eskutik, Etxerat eta Sare barne.

Frantziar gobernuari dagokionez, ia hamar mila presoren kaleratzea bideratu du eta neurria pauso baliagarria izanik ere ez ditu gaixotasunengatik arriskuko presoak direnak bere osotasunean kontenplatu. Espetxeetako gain-populazioa neutralizatzeko urratsa izan da. Justizia ministroak espresuki esan bezala, neurri horretatik eta aurrerantzean etor daitezkeenetatik kanpo utzi dituzte euskal presoak; beren izaera politikoagatik, jakina. Gobernu frantziarraren erabaki hori Ipar Euskal Herrian indar biziz arbuiatua izan da eragile askoren artetik eta bereziki Ordezkaritzaren eskutik.

Azken egun hauetan estatu bateko zein besteko gobernuetako bozeramaleen ahoetan eta gauza bera administrazio autonomikoetan, pandemiaren aurrean hartu diren apartako neurrien deseskalada edo deuseztapenerako diskurtsoa hitzetik hortzera darabilte. Baina zer espero dezakegu epe motz eta akaso ertainean presondegien eremuan. Ageriko gauza da COVID-19a ez dela gainditutzat emango txertoa ez dagoen bitartean. Eta hori ezean, era bateko edo besteko neurriak indarrean egongo direla. Beraz, aurreikus genezake aplikatuko diren neurriek espetxeak ere barne hartuko dituztela eta presoek bezala senide eta lagunek ondorioak pairatu ditzaketela.

Euskal preso politikoen Euskal Herriratzeko arrazoi berriren beharrik ez badago ere, agerikoa da pandemiaren arriskuak eskatzen dituen prebentzio neurrien aurrean euskal preso politikoek beren eskubideak babesteko modurik eraginkorrena guztien Euskal Herriratzea dela. Zentzu horretan, konfinamendu ondorenerako prestatzen ari den eszenatokirako euskal presoen aldeko neurri aproposena guztien Euskal Herriratzean legoke. Hori, beraz, aldarrikapen nagusietako bat.

Pandemiak jendartearentzat oro har, aparteko neurriak probokatu ditu, goiz ala berandu altxako direnak. Euskal preso politikoek hamarkadak daramatzate salbuespeneko neurriak pairatzen eta bada garaia guzti horien deseskaladarako, denak deuseztatzeko. Bai Estatu frantziarrean, bai espainiarrean. Deseskaladaren garaia presoen aferan ere norabide bereko urratsak egitearen beharrean sakontzeko, gobernuen, judikaturaren, fiskaltzaren jarrerak salatzeko eta konponbidearen aldeko elkarlanerako eta adostasunetarako unea izan dadin bultzatzea dagokigu.

Etiquetas: