EH Bildu Irun.- Herritarrron beharrizanak erdigunean jarri behar dira, elkarrizketa eta eztabaidarako bideak irekiz. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen finantzazioa %20an murriztea erabaki du, aldebakarrez. Murrizketa honekin, Irungo kasuan aurten 9.017.672,74 euro gutxiago jasoko ditugula suposatzen du.
Murrizketa hau aurrekontuarentzat kolpe ikaragarri latza da, oso une txarrean datorrena. Udalak herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izanik, diru gutxiago izango dute herritarren bizitzan eragina izango duten zerbitzuak garatzeko, Irundarron beharrak handiagoak diren honetan.
Zentzu honetan, joan den ostiraleko udalbatzan mozio bat aurkeztu genuen Foru Aldundiari aldebakarreko erabakiak albora ditzala eta udalekin negoziazioa abia dezala eskatzeko. EAJk eta PSEk, bakoitzak bere aldetik, gure mozioaren oso antzekoa zen mozio alternatiboa aurkeztu zuten. Elkarren oso antzekoak ziren hiru moziorekin iritsi ginen udalbatzara.
Aurretik ordea, adostasunera iristen saiatu ginen: Maiatzaren 20ean udal gobernuak eztabaidara irekia zegoen testu proposamena helararazi zigun talde guztiei eta egun horretan bertan gure ekarpenak aurkeztu genituen. Hurrengo egunean, ordea, PSEk eta EAJk elkarren artean adostutako testua aurkeztu zuten. Adostasunera iristeko asmoz, gure ekarpenak egin genizkion testuari, baina ez genuen erantzunik jaso. Udalbatzan bertan, gure bozeramaile Jokin Melidak adostasunera iristeko saiakera berria egin zuen, guk aurkeztutako mozioari aldaketak egiteko atea irekiz, baina EAJk eztabaida berari uko egin zion. Ezin akordioetara iritsi hitz egin nahi ez bada.
Gure ustez, honen arrazoia diputazioa gobernatzen duten alderdien autokritika faltan dago. EAJk eta PSEk adostutako testu bat aurkeztu zuten, gehiengoz, eztabaida atzeko atetik ixten saiatzeko.
Irungo EH Bildutik argi utzi nahi dugu ez dela onargarria elkarrizketa eta eztabaida sahiestu nahi izatea, are gutxiago hain garrantzitsua den gai batean, Irundarron interesak jokoan baitaude. Irundarron beharrizanak erdigunean jarri behar dira, elkarrizketa eta eztabaidarako bideak irekiz. Horretarako gure prestutasun osoa azaldu nahi dugu berriro ere.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 759 irakurketak
- Castellano