Erlaitz Irungo gazte sozialiston batzarrak desegingo dela jakinarazi du

Gaur, 2020ko abuztuaren 6an, gure sorreraren bigarren urteurrenean, Erlaitz Irungo gazte sozialiston batzarreko kideok talde lokal honen disoluzioa jakinarazi nahi dugu agiri honen bidez. Barne hausnarketa baten bitartez Erlaitzen funtzioak agortuta daudela eta beste ziklo bat hasteko unea dela ebatzi dugu.

Duela bi urte sortu genuen Erlaitz helburu batekin: Irungo gazte militantzia sozialista antolatu eta teoria iraultzailearen ikasketarako eta klase ikuspuntutik problematika lokalen inguruan eztabaidatzeko espazio bat irekitzea, gerora eduki hori gizarteratu eta herri mailan proiektu sozialistarekiko atxikipena hedatzeko. Helburu honi jarraiki, jardunaldiak, hitzaldiak, mintegiak, salaketa kanpainak, idazkiak eta beste ekimen ugari burutu ditgu. Emaitzak handietsi nahi ez baditugu ere, egindako lanaren balorazio positiboa egiten dugu, lan-lerro honen eta antolakuntza forma honen etekin politiko mugatuaz jakitun garelarik.

Gure sortze agirian azaldu genuen bezala, orduko gaitasunak neurtuz epe-motzerako helburuak betetzeko baliagarria zitzaigulako erabaki genuen talde lokal bat sortzea. Kontziente gara langile boterea eraikitzeko langile batasunaren eta klase autonomiaren printzipioetan oinarritutako antolakuntza indartsu, eraginkor eta zentralizatua behar dituela langile mugimenduak. Gaitasunak optimizatu eta indarrak biderkatzeko gai den antolakuntza formak diseinatzea eta inertziak baztertzea gure eginkizuna da, langileon bizi-baldintzak errealki eraldatzeko gai izateko.

Erabaki hau orain hartu badugu, testuinguru politikoan eman diren aldaketengatik da. Gure ikuspuntu teoriko eta politiikoa ez da aldatu, baina iraganean ekarpenak egiteko gai izan bagara ere, egungo eszenatoki politikoan mahai gainean dauden erronka handiagoei aurre egiteko ezinean ikusten gara gure antolakuntza formetatik.

Horrenbestez, abagune berrira moldatzeari eta lokalismoaren mugak gainditzeari begira erabaki egokiena Erlaitz disolbatzea dela ebatzi dugu. Azpimarratu nahi genuke Erlaitzen amaiera bada ere, bertako militanteon lana ez dela bukatu. Betiko konpromezu eta grin iraultzaile berarekin jarraituko dugu lanean ziklo berri honetan. Modu berean, sozialismoaren defentsan berresten gara. Basakeria kapitalistak langileoi dakarkigun miseria ezabatzeko bide bakarra dominazio burgesa eta bere dominazio forma guztiak gaindituko dituen jendarte komunista eraikitzea da.

Gora Euskal Herria Askatuta!
Gora Iraultza Sozialista!

Etiquetas: