Labore Txingudi: Gehiago eta hobe

Labore Txingudi

Labore Txingudik bere irekiera ordutegia zabalduko du urriaren 13tik aurrera. Egunero goiz eta arratsaldez irekia izanen da denda, 09:30-13:30 eta 17:00-20:00. Horretaz gain, “Labore Txingudi granelizatu eta freskatu” krowfounding kanpaina habiatu du, granel ontziak eta kamara frigorifiko bat lortu ahal izateko.

Dendaren irekiera ordu gehiago

Labore Txingudik ordutegi komertzial arrunta eskainiko du urriaren 13tik aurrera: egunero goiz eta arratsaldez irekia, bai eta larunbat goizak ere. Urte bete pasa da Laborek denda ireki zuela Pelegrin de Uranzu kalean. Labore lehen urtean hasi zuen “200 baietz” kanpaina gaindituz, 209 bazkide gara dagoeneko, eta beste bezero asko ere. Guzti hauekin batera, dendaren erabilera erosoago bat eskaini nahi dugu, eta horretarako, ordutegia zabaldu dugu. Orain arte dendara hurbiltzeko zailtasunak eduki dituztenentzako ere aukera zabalduz, noski.

Krowfounding-a: “Labore Txingudi granelizatu eta freskatu”

Labore Txingudi kontsumo arduratsuko elkartean beste pauso bat eman nahi dugu agroekologian, eta gure dendan granel gehiago jarri eta bertako barazki gehiago eta freskoago eskaini nahi ditugu. Horretarako, oso lagungarri litzaizkiguke granel ontziak eta kamara frigorifikoa. Irabazi asmo gabeko elkarte bat izanik, denda piskanaka, eta guztion laguntzaz eraikia da, eta hori dela eta, krowfounding-a ikusi dugu finantzamendu aukera hoberena.

Krowfounding-a Itsulapiko plataformaren bidez egitea erabaki dugu, eta urriaren 5etik aurrera egongo da diru ekarpenak egiteko. Aportazio bakoitzeko, jutezko erosketa poltsa bat emango dugu dendara bertaratuz gero. Helburua 8.000 € lortzea da. Ekarpen bakoitza kontsumo arduratsuaren aldeko pikor bat gehiago izango da.

Granelek leku asko hartzen dute zakuetan jarriz gero, baina granel ontzietan askoz espazio txikiagoan, granel mota gehiago kabitzen dira. Horri esker, gaur egun plastikozko poltsetan ditugun zerealak, ale askeetan jarri genitzakeen. Labore granelizatzeko aukera aparta litzateke. Kamara frigorifikoari dagokienez, Laboren bertan barazkiak baldintza optimoetan mantentzeko aukera emango liguke, kontsumo lokala hobetu eta handituz.

Etiquetas: