EH Bildu Irun.- Duela egun batzuk Mertxe Aizpuruak Diputatuen Kongresuko tribunan, Xabier Euzkitzeren poema eder bat errezitatu zuen. Hausnarketa polit bezain sendoa, hainbeste irrikatzen dugun normaltasun hori iristen denean gogoan izan beharko genukeena: "airea, lurra, ura eta zerua ederki daude zuek gabe. Itzul zaiteztenean, gogoratu nire gonbidatuak zaretela, ez nire jabeak".
Ohitura eta politika asko aldatu behar ditugu ideia hori gure bizitzaren oinarria izan dadin, eta krisi hau aukera bat izan daiteke. Gizarte justuagoa, enpatikoagoa eta atseginagoa eraikitzeko aukera, baita ingurumenarekiko ere.
Hausnarketarako garai honen ondorioz, politika ausartak eta arduratsuak bultzatu behar dira arlo askotan, eta horietako bat, zalantzarik gabe, mugikortasunarena da. Dagoeneko, bidea jorratzen hasia da: udalerri batzuk bizikleta garraio nagusia duen mugikortasun ereduarekiko konpromisoak hartzen hasiak dira.
EH Bildurentzat funtsezkoa da mugikortasun jasangarri eta seguru baten aldeko apustua egitea. Horretarako zutabe nagusiak, urteetan ibilgailuei utzitako zenbait espazio oinezko eta txirrindularientzat berreskuratzea eta garraio publikoaren sustapena izango dira.
Bizikletaren aldeko Hirien Sareak, hirietan 30 km/h abiadura muga ezartzea proposatzen du, trafikoak sortutako arrisku egoera murrizteko modu gisa, eta baita mugikortasun aktiboa bultzatzeko mekanismo gisa ere. Bada denbora Irunen 30 km/h muga ezarri zenetik, eta errealitateak erakutsi digu neurri hori, berez, ez dela nahikoa:
Irunen bizikletaren erabilera bultzatu behar dugu mugikortasun seguru eta jasangarria lortzeko. Eta horretarako gure hiriaren egungo diseinua aldatu behar dugu, txirrindularientzako espazio seguru gehiago emanez, oinezkoei kalterik eragin gabe. Horretarako funtsezkoa izango da Irunen bizikletak beste ibilgailu batzuekin batera egotea lantzea. Zentzu horretan funtseskoa da bizikletan doazenen segurtasuna lehenestea, adibidez, bide oso bat garraio publikoari eta bizikletei utziz, edo zenbait kale ibilgailuen ohiko trafikoari itxiz ere.
Bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko bat ezartzeko historikoki egin dugun eskaeraz harago, bidegorrien sarea hobetu eta handitu behar da. Horrekin batera, kale batzuk oinezkoentzat egin behar dira, familia guztiek bizikleta bat izateko aukera bermatu behar da, hura erosteko laguntza osagarriak diseinatuz (bai mekanikoak, bai elektrikoak), aparkaleku seguruak jari behar dira, eta udalak ziklologia-zerbitzuak bultzatu behar ditu urbileko merkataritzan, baita udal zerbitzuetan ere. Hauek guztiak, Irun atseginagoa lortzeko bideratutako proposamenak dira.
Baina ezin dugu ondorengo kontzeptua ahaztu: pedagogia. Zalantzarik gabe, Bide Heziketa bezalako proiektuak funtseskoak dira. Ekimen hau, bizikletaz ibiltzen irakasteaz harago, gidarientzat ere baliagarria da: arriskutsuak izan daitezkeen jarrerak zuzentzen ikasteko baliagarria izango zaie, bizikletan doazenak seguru joan daitezen. Segurtasun horrek, bizikletaren erabilera bultza dezake.
Ez dugu lortuko Irun jasangarri bat mugikortasun-neurriekin bakarrik. Mugikortasunaz ari gara, bai, baina baita ingurumenaz, garapen iraunkorraz... ere. Arlo eta instantzia askotatik lan egin behar da beste gizarte mota bat ardatz izango duen kultura barnera dezagun. EH Bilduk neurri horiek bultzatzeko lan egingo du, ez bakarrik gure udalean, baita ordezkaritza dugun erakunde guztietan ere.
Euzkitze berriz aipatuta, bere poemaren hasierak honela zioen: "Mundu batean oheratu eta beste batean esnatzen gara". Egin dezagun mundu berri hori, gutxienez, oheratzen garen hura baino hobea izatea.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 468 irakurketak
- Castellano