1) Euskal Herria gainbehera politikoan dago azken urteetan. Gero eta era gordinagoan agertzen zaigu krisia, euskararen, nortasunaren, kulturaren, demografiaren edo kontzientziaren galera nabarmenen bidez, bai eta asimilazio zein zapalkuntzaren normalizazioaren bidez.
2) Krisi nazional horrek lotura zuzena du marko politiko propio baten faltak sortzen duen hutsunearekin, marko propiorik ezean menderatzailearenean desegitea beste aukerarik ez baitago.
3) Egoera iraultzeko, herri euskaldunak nahitaezkoa du euskal marko nazionala berrantolatzea, alegia, euskaldunok nazio askapenerako mugimendu, estrategia eta gidaritza baten baitan elkartzea, inperialismoaren eredu, arau eta erakundeetatik at.
4) Horretarako, oinarrizko bi printzipio ezartzen ditugu abiapuntu gisa:
1. Euskal Herria nazio okupatua da, eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea.
2. Independentzia lortzeko, menderatzaileen sisteman integratu ordez, gure herri boterea bultzatu eta euskal estatua egituratzera jo behar dugu.
5) Printzipio horiekin ados dagoen euskaldun oro animatzen dugu aurtengo Aberri Egunean Euskal Herriaren berrantolaketa politikora eta erresistentziara batu dadin. Dei egiten dugu apirilaren 12an eguerdiko 12etan Pausun elkartzera, frantziar eta espainiar estatuek inposaturiko muga hautsiz.
Euskal Erresistentziaren Aldeko Herri Ekimena