Laguntza behar duten hondarribiar guztiengana iritsi behar dugu

Herriko soto guztietan Guztion Artean sareko kartelak jartzea proposatu duguAbotsanitz.- Hiru aste pasa dira hondarribiarroi etxean geratzeko agindu zitzaigunetik. Hiru aste, zaborra bota, erosketa egin edo txakurra paseatzeko soilik ateratzea baimentzen zaigula. Gogorra da egoera, baina pentsa dezagun are eta gogorragoa izango dela hori egiteko aukerarik ez dutenentzat. Horiengana guztienagana iritsi behar dugu, herritar sarea osatu, ez dadin hondarribiar bakar bat ere laguntzarik gabe geratu.

Konfinamendua hasi eta gutxira Guztion Artean boluntario sarea abiatu zuten, familiaren babesik ez duten 70 urtetik gorakoei edota menpekotasunen bat dutenei laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak koordinatzen du Gurutze Gorriaren bitartez, eta Caritasen laguntzarekin. Sarea sortu aurretik Hondarribian mugitzen hasi ziren boluntarioek ere osatzen dute Guztion Artean.

Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuko langileek lan handia egin dute asteotan, eta 75 urtetik gorako herritar guztiekin hitz egitea lortu dute, laguntza eskaintzeko. Gizarte Zerbitzuetako ohiko erabiltzaileekin ere jarri dira harremanetan. Baina ez da nahikoa izan, zoritxarrez. Batetik, ezin izan dute 70-75 urte bitartekoekin kontaktatu, ezta hortik beherakoak izanda ere arrazoiren batengatik edo bestearengatik laguntza behar dutenekin ere. Eta bestetik, badira zereginik gabe jarraitzen duten boluntarioak, esperoan daudenak.

Horregatik, proposamena egin dugu Udalean, boluntario sarea laguntza behar duten ororenganaino hedatzeko. Adibidez, sareko boluntarioek herriko soto guztietan sarearen berri ematen duten kartelak jartzea proposatu dugu. Horrela, herri osoan izango genuke sarearen berri. Hurrengo urratsa herritarrok eman beharko genuke, gure sotoan bizi diren adineko edota menpeko pertsonei laguntza behar ote duten galdetuz eta, laguntza behar badute, sarearen 945 22 22 22 edo Hondarribiko Udaleko 943 11 12 13 telefono zenbakietara deituz.

Koronabirusaren aurrean, herri bezala erantzuteko beharra dago. Ari gara, baina gehiago egin dezakegu. Ehundu dezagun herritar elkartasun sarea, laguntza behar duten hondarribiar guztienganaino iritsi arte.

Etiquetas: