Mendekotasuna duten adinekoen egoitzen egoera kezkagarria da

imagen residencia

Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduak.- Martxoaz geroztik Pandemiaren lehen boladan izandako eragin izugarriaren ondoren, mendekoen egoitzetan izandako heriotzak, heriotza guztien % 40 izan baitziren, egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteek: Bizkaiko eta Arabako Babestu elkarteek, Arabako egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senitartekoek, Gipuzkoako Senideak eta Trauli Zaintza eta Euskal Autonomia Erkidegoko Pentsiodunen Mugimenduak. gure erabateko haserrea agertzen dugu, abuztuan egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaile eta langileen artean gertatu diren heriotz eta kutsaketen aurrean.

Idazki honen bidez, Lehendakariari, Osasun Larrialdietako zuzendaria den aldetik (aginte bakarra), eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiei, mendekotasuna duten adinekoen egoitzazerbitzuetan gertatzen ari denaren azalpena eta horren inguruan zer egiteko asmoa duten, publikoki azaltzeko eskatzen diegu.

Orain arte foru-aldundiek kutsatuei eta hildakoei buruz emandako datuek erakusten dute gorakada kezkagarria izan dela, batez ere adinekoen eta egoitza publiko, pribatu eta itunduetako egoiliarren artean.

Datu horiek onartezinak dira. Ulertezina egiten zaigu sei hilabete baino gehiagoko pandemiaren ondoren egoitza-zentroak kutsatzeko guneak izaten jarraitzea. Agerikoa da prebentzioko, detekzio goiztiarreko eta ikuskapeneko protokoloek ez dutela funtzionatzen edo ez direla ezartzen; pertsonen arteko babes-neurriak ez direla nahikoak; instalazioak, egoitza askotan, ez direla erabiltzen kutsatzea modu eraginkorrean zaintzeko; zentroei ez zaizkiela eman erabiltzaileen osasuna bermatzeko behar diren baliabide materialak eta langile-kopuru nahikoa.

Hilabete hauetan zehar bai Senideen Elkarteek, bai Erakunde Sindikalek eta Pentsiodunen Mugimenduak, eskura ditugun bitarteko guztien bidez, pandemiaren fase kritikoenean gertatutakoa berriro ez errepikatzeko berehalako neurriak hartzeko eskatu dugu; bigarren olatua etorri da, oraindik ere ez da jarduketen hausnarketa autokritikorik egin, eta ondorioak berberak dira. Bestalde, Senideen 3 Elkarteek Legebiltzarreko Gizarte Politiken Batzordean agertzeko eskaera bat egin zuten. Eskaera hori eten egin zen Eusko Legebiltzarra desegin zenean, eta garrantzitsua da lehenbailehen gauzatzea.

Ohar hau lehen aipatutako erakundeetako arduradunel helarazi diegu, eskatzen ditugun azalpenak jasotzeko eta gure iritzia eman ahal izateko.

Behin eta berriz eskatu ditugun neurriek ezin dute egun bat gehiago itxaron. Beraien erantzunaren zain gaude eskatzen dugunaren aurrean, eta gure haserrea adieraziko diegu Foru-Aldundiei eta Lehendakaritzari.

Etiquetas: