Begirunea eta justizia eskatzen dugu amiantoaren biktima guztientzat.
Irungo EH Bildu.- “El problema existe. El amianto mata”. Horrela zioen pankarta batek irailaren 4an Donostiako Justizia Auzitegiaren aurrean Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak burutu elkarretaratzean. Goiz horretan bertan, Auzitegiaren ateen beste aldean, Celestino Tolosaren familiak epaitegi baten aurrean aitortza bilatzen zuen, beste behin.
Celestino Tolosa, Irundarra, 2008. urtean hil zen amiantoa inhalatzearen ondorioz. Birikak transplantatu ondoren Celestinok birikak gordetzeko eskatu zien sendagileei, bere gaixotasuna, lan-gaixotasuna zelakoan. Bada, arrazoia zuen eta familiak epaitegietan bultzatutako prozesu baten bidez, 2018 urtean (hil zenetik 10 urtera) amiantoak gaixotuta hil zela frogatua geratu zen.
Aste honetan ezagutu denez, Donostiako Lan Arloko Bigarren Epaitegiak Celestino Tolosaren familiari kalte-ordaina ordaintzeko ebazpena plazaratu du.
Irungo EH Bildutik familiaren borroka txalotu eta gure elkartasun eta errekonozimendurik beroena helarazi nahi diogu, lortutako aldeko ebazpenak bide luze baten amaiera suposatu duelako. Aukera baliatu nahi dugu, ordea, begirune eta justizia amiantoaren biktima guztientzat eskatzeko, ez baita bidezkoa urte luzeetako prozesu gogorrak aurrera eraman behar izatea justizia egin dadin.
Euskal Herrian 1960-1980 hamarkaden artean erabili zen batez ere Amiantoa, eraikuntza, tren-industria eta ontzigintza bezalako sektoreetan oso erabilia. Tamalez, egun dakigunez, amiantoa minbizi-sortzailea da; hau, gaixotutako ehunka langileen eta euren familien borroka luzeari esker dakigu. Izan ere, langile horiek borroka bikoitza egin behar izan dute: gaixotasunari aurre egin behar izan diote eta epaitegietan borrokatu behar izan dute euren gaixotasuna lan-gaixotasuna dela aitortua izan dadin.
Langile horiek oraindik kontziente ez ziren arren, lanean ari ziren bitartean gaixotzen ari ziren. Askok bizitza galdu dute jada, beste batzuk gaixorik daude, eta hori guztia, enpresa batzuen ezagutza eta konplizitatearekin. Enpresa hauetako batzuk, gainera, euren burua zuritu nahian, hainbatetan, gaixotasunaren errua langileengan jarri dutelarik. Onartezina benetan.
Aurreko batean Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak aldarrikapen bat azpimarratu nahi izan zuen; Osakidetzak jatorri profesionala duten gaitz eta gaixotasunen aurrean jarrera aktiboa izan dezala, baita susmagarria suertatu daitezkeen kasuetan ere. Aldarrikapen hau egia bilakatzea, eta Celestino Tolosa bezalako heriotza gehiago ez gertatzea espero dugu, azken finean, guztion osasuna bermatzea ezinbestekoa baita jendarte justuago bat eraiki ahal izateko.
- Egutegia
- 646 irakurketak
- Castellano