Bi greba egun deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, gaur eta bihar lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua aldarrikatzeko

Momento de la rueda d eprensa

LAB Sindikatua.- Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera salatzeko agerraldia egin dugu Donostian. Bertan, abenduaren 10 eta 11rako deitutako greben berri eman dugu. Hain zuzen ere, urteak daramazkigu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina, erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik, eta honek horrela ez lukeela izan beharko gogor kritikatu dugu, egoera jasangaitz honek jendarte guztiari eragiten baitio.

Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dago; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta, hain justu. Horretaz gain, diru publikoarekin finantzatzen da. Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi.

Langileek berriro ere euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako.

Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Zer egiten ari da helduen egoitzetan egoera bortitz hau aldatzeko?

LAB sindikatutik askotan aldarrikatu dugu, bizi dugun muturreko momentu honi aurre egiteko, bi lehentasun daudela sektorean: herrialdeko hitzarmena eta langileen kopurua zehazten duten katalogoa egungo egoerara egokitzea. Lehentasun horietaz aparte, porrot egin duen sistema goitik behera aldatu beharra dagoela argi dugu. Aski da enpresek diru publikorekin negozio egitea. Pribatizazioan oinarritutako sistema honek langileek bizi dugun prekarietatean areagotzen du eta modu zuzenean eragiten du egoiliarrek jasotzen duten arretan.

Langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, abenduak 10 eta 11rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.

Etiquetas: