Berari bigarren gradua ukatu dio Auzitegi Nazionalak

Etxerat.- Francisco José Ramada Estévez "Bera" preso politiko irundarra lehenengo graduan mantentzea erabaki du Auzitegi Nazionalak, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura pasatzeko eskatu zuen arren. Bera Murcia I espetxean dago, bere etxetik 790 kilometrotara.

Ibilbide juridiko-penitentziarioa egin nahi duten presoak oztopoekin aurkitzen dira behin eta berriz, haien eskubidea den arren, batzuetan espetxeko Tratamendu Batzordeak dira gradu progresioa ematea uzten ez dutenak (espainar Estatuan dauden presoen %80a dago lehen graduan), baina espetxeetako batzordeak erregimen arrunta proposatu dutenean Espetxeko Idazkari Nagusiak gutxietsi du.

Ondoren abokatuek jarritako errekurtxoak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraletan irabazi dira, baina progresioa baimentzen zuten autoak errekurritu ditu fiskaltzak eta azkenik, Auzitegi Nazionalak onartzen ditu.

Graduen erregresioak eta orokorrean salbuespen espetxe politikak gure senide presoei eskatu zaien bakarkako ibilbidea oztopatzen diete eta ondorioak egunero bizitzen dituzte, gainera etxetik urrun mantentzeko aitzaki gisa ere hartzen dute, eta ondorioz senide eta lagunen kondenak betikotzen dira.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Etiquetas: