Abotsanitz.-Abotsanitz Udal Taldeak Hondarribiko eskoletako ikasleentzako maskarak eskatu ditu Udalean bigarrenez. Hainbat aldiz garbitu daitezkeen horietako bina maskara ikasle bakoitzarentzako, hori da egin dugun eskaera. Ikasturte hasieran egin genuen eskaera bera da.
Hain zuzen ere, irailaren 16an eskatu genituen lehen aldiz musukoak ikasleentzat, koronabirusaren jarraipena egiten duen udal batzordean. Eskaera egin eta bi ordura Gazteria zinegotziak komunikabideei ziurtatu zien udal gobernuak maskarak eskatuak zituela, eta aste gutxitan banatuko zirela. Bi hilabete pasa direnean, ez dago halakorik.
Atzo bertan ezohiko eta presazko finantza neurriei buruzko 2/2020 Foru-Dekretu Araua argitaratu zuen aldundiak. Arau honek erraztasunak ematen dizkie udalei osasun krisiari lotutako neurriak hartzeko. Beraz, arau hori baliatuz, musukoak berehala erosteko aukera du Hondarribiko Udalak.
Itxita dauden familiei laguntza
Ikasleentzako musukoez gain, kide batek positibo eman duelako etxean itxialdia egin behar duten familiei laguntzeko proposamena ere egin dugu aste honetan. Familia horiek ezinezkoa dute etxetik atera erosketak egiteko, hondakinak botatzeko, farmaziara joateko edota beste zenbait gauzetarako.
Izango dira auzotarren edo lagunen laguntza lor dezaketenak, jakina, baina seguru badirela laguntzarik lortu ezin dutenak ere. Horregatik, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren bitartez laguntzea proposatu dugu.
- Egutegia
- 637 irakurketak
- Castellano