Irungo Harrera Sareak trantsituan zeuden mila pertsona artatu ditu uda honetan

Migratzaile bat asteazken arratsaldean Irungo San Juan plazan telefonoz hitz egiten, gauean Bidasoaren beste aldera joateko unearen zain. Argazkia: bisadoa.hitza.eus

Irungo Harrera Sarea.- IHSk jatorri desberdinetako pertsonei egin die harrera udan; gehienak, Ginea Conakry, Mali eta Boli Kostakoak, eta gutxi batzuk, Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak, besteak beste. Profil ugariena bakarrik zetozen gizon gazteena izan da, baina baita bakarrik edo haur txikiekin zetozen emakumeena ere. Gehienak Kanarietatik etorriak izan dira, ikusten denez Afrikako migrazio-bideak aldatuz doaz Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera.

Migratzaileen helburu nagusiak etorkizun hobe bat bilatzea izaten jarraitzen du, baina aipatzekoa da gatazka armatuen gorakada eta goian aipatu ditugun herrialdeen politika ezegonkortasuna. Egoera horiek “kanporatze efektua” eragiten dute euren bizia salbatu nahi dutenentzat eta presazko nazioarteko babesa beharko lukete. Tamalez, espainiar estatua eta Europa entzungor azaltzen dira pertsona horien egoera deseperatuaren aurrean.

Irun. IHSk udako hilabeteetan ere Irungo harrera dispositibora sartzeko irregulartasunak antzeman ditu. Ez dago kriterio koherenterik eta dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi.

Konfinamenduaren ondotik gure jarduera berrabiatu genuenetik, pertsona askok esan digute, arrazoi desberdinak medio, ez dietela Irungo aterpetxean sartzen utzi. Egoera hau are larriagoa da kontuan hartzen badugu konfinamendua amaitu zenetik aterpetxean, bi egunetan izan ezik, beti egon dela lekua. Hau da, hainbat migratzaile diskriminatu dira eta errekurtsoa ez da behar bezala erabili, diru publikoa modu desegokian xahutuz.

Mugari dagokionez, Frantziak legez kontra kanporatu dituen migratzaileen testigantzak jasotzen jarraitu dugu.

Horren harira, Europar Batasuna errefuxiatuei ezartzen ari den politika xenofoboa eta hiltzailea salatu nahi dugu. Izugarria da Moriako eta Mediterraneoko, espainiar kostako kanpamentuetan nola tratatzen diren milaka eta milaka pertsona. Euskal erakundeei exijitzen diegu, oraingoan bai, bete dezatela aurkeztu berri duten Harrera Plana, oraingoan anbizio eta ardura handiagoarekin joka dezatela.

Bestalde, herritarrei eskatzen diegu Europaren control politika arrazistek gizatasunik gabeko muturrera eraman dituzten Moriako eta beste kanpamentuetako errefuxiatuei laguntzeko abian jarri diren ekimenak bultzatzeko.

Era berean, larunbat honetan Donostiako Antiguako pilotalekuan, pertsona errefuxiatuek eta migratzaileek jasaten duten gizatasunik gabeko tratua salatzeko eta ZAPOREAK elkarteak Morian daukan proiekturako dirua biltzeko hainbat kultur-elkartek antolatutako kontzertura joatera animatu nahi zaituztegu.

Etiquetas: