Irungo EH Bilduk onartezintzat jo du hainbat lagun migranteak artatzeko dispositibotik kanpo uztea

Irudia: bidasoa.hitza.eus

Irungo EH Bildu.-Munduan eragin nabarmena duen koronabirusak are gehiago kaltetu du migranteen egoera. Izan ere, zailak eta luzeak ziren bidaiak are zailagoak eta luzeagoak dira orain, eta bidaiatzeko baldintzak, berez zirenak baino gogorragoak.

Gurera iristen diren migratzaileek ere zailtasun berriekin topo egiten dute: inposatutako mugan dauden kontrolek ia ezinezkoa egiten dute hura zeharkatzea. Hala, migranteek ezin dute euren bidaiarekin jarraitu hainbeste desio (eta merezi) duten bizitza duina lortu asmoz.

Honekin guztiarekin nahikoa ez balitz, egunotan hainbat lagun migranteak artatzeko dispositibotik kanpo utzi dituzte. Espainiar Ministerioak ezartzen dituen baldintzak betetzen ez dituztela argudiatuta, kale gorrian geratu dira dispositiboan lekua egon arren (okupazio handieneko egunean 15 lagun egon dira bertan 50entzat tokia dagoen arren). Honen aurrean, Irungo Harrera Sareak, urgentziaz, kanpin denda batzuk jarri ditu, kalean geratutakoei gutxieneko aterpea eman asmoz.

Irungo EH Bilduk egoera hau guztiz onartezina dela salatzen du. Pertsona guztiek dute aterpe duina izateko eskubidea eta ez da onargarria inor kalean uztea. Are larriagoa da pandemia betean, etxeratze-agindua indarrean eta negua (eta hotza) ate-joka dagoen honetan. Guztia are kafkianoagoa da aterpetxean lekua sobera dagoenean.

Egoera larri honek berehalako konponbidea behar du. Hala, Irungo EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio egin beharreko ekinbideak burutu ditzala egora honi lehenbailehen irtenbide bat emateko. Era berean, udal gobernuari eskua luzatu nahi diogu honen konponketan elkarlanean aritzeko.

Egunotan komunikabideen bitartez, migranteek Kanariar irletan jasotzen duten tratu bidegabearen berri izaten ari gara. Guztiz onartezina da eta hemen ezin da halakorik errepikatu. Hala, Irungo Harrera sareak urte hauetan guztietan, eta baita egoera zail honetan ere, egiten ari den lana, balioan jarri, eskertu eta txalotu nahi dugu. Taldeko bolondresak egunero- egunero ari dira lanean Irunera iristen diren migranteei laguntza eta harrera duina ematen. Beren onena ematen dute gehien behar dutenei babesa emateko. Bolondres hauek sekulako lezioa eman digute guztioi, batez ere, berez gaiaren eskumena duten instituzioei. Izan ere, paperean idatzitako neurri burokratikoen gainetik pertsonak daudela jabetzeko garaia da, Irun, benetan, harrera hiria izan dadin.

Etiquetas: