LEZOKO BADIAN BIZI TALDEA.- Heldu den ostegunean, irailak 24, epaituko dute Donostiako Epaitegian 2018ko urrian Herrera-Trintxerpeko pasabidearen inaugurazioan, agintarien aurrean sutautsa jaurtiz, protesta egin zuen lezoarra.
Lezoko eta badia inguruko gainerako herrietako bizilagunek urte luzez pairatu duten eta egun ere pairatzen jarraitzen duten mota askotako kutsaduren iturri da Pasaiako Portuaren jarduera. Nazkatuta daude dagoeneko herritarrak hustuketa-zamaketa lanak behar bezala egiten ez direlako, egunero hauts eta keak arnastu beharraz, edota onartutakoa baino askozaz ere zarata handiagoak jasan beharraz, baita gauez ere. 2018ko abuztuaren 2an Lezoko moiletan gertatu zen suteak, hala ere, alarma guztiak piztu zituen eta herritarren haserrea ere gogor piztu zen.
Tamalez, gauzak ez dira batere aldatu, Pasaiako Portuko Agintaritzak eta portuan udal jarduera baimenik gabe diharduten enpresek kutsatzen eta herritarren bizi kalitatea eta osasuna suntsitzen jarraitzen dute. Bitartean, herritarren alde jokatu behar luketen erakunde publiko eskumendunek isilik eta geldi jarraitzen dute.
Egoera hori eta horrek herritarrengan sortzen duen inpotentzia salatu nahi izan zituen Lezoko herritarra irailaren 24an epaituko dute Donostiako Egia auzoko epaitegian.
Herritar horri babesa emateko eta egoera salatzeko elkarretaratzea deitu du Lezoko Badian Bizi taldeak Donostiako Epaitegiaren aurrean, eguerdiko 13:00etan.
Zatozte, beraz, ahal duzuen guztiok egoera bidegabe hau salatzera eta Josuri babesa ematera.
- Egutegia
- 655 irakurketak
- Castellano