Azken erasoaren aurrean, Ekialdebusen segurtasuna bermatzea eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Argazkia: Wikimedia. Egilea:  Antonio Vera

Ekialdebus-eko enpresa-batzordea.- Aurreko larunbatean eraso berri bat izan zen Ekialdebuseko autobus batean. Kasu honetan, gidariari egin zioten eraso.

Gertaera larunbateko gaueko 22:00k aldera jazo zen Donostiako Gros auzoan, autobusa geltokira iritsi zenean gizon batek autebusetik jeistera zihoala, ateak ez zuen funtzionatu eta ondorioz, ez zen irekitzen. Hainbat saiakera eta gero, gidariak atea irekitzea lortu zuen baina bidaiaria erabat haserre zegoen eta irain eta oihu artean, gidaria COVIDetik babesteko duen manpararen aurka oldartu zen kolpeka.

Hau ez da salatzen dugun lehen gertaera. Zoritxarrez ohikoak dira gidariok jasan behar ditugun eraso, mehatxu eta irainak.

Abuztuan Diputazioari zein enpresari babes neurriak eskatu genizkien, baina biek ala biek entzungor jarraitzen dute gure eskaeren aurrean.

Ez gara lanean seguru sentitzen eta segurtasun neurriak behingoz aplika daitezen eskatzen dugu. Azken eraso hau eta enpresa zein Aldundiaren utzikeria salatu nahi dugu eta horretarako, enpresa batzordetik kontzentrazioa deitu dugu datorren ostegunean, hilak 22, goizeko 11:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan, Aldundiak duen egoitzaren aurrean.

Etiquetas: