AHTren aurkako ekintza Donostiako Kursaalean

Argazkia: Argia.eus  Irudia: Ibai AzparrenMugitu! Mugimendua.- Atzo asteazkenean, goizeko 9:45ean Donostiako Kursaalean Eusko Jaurlaritzak antolaturiko nazioarteko tren sistemari buruzko kongresua hasi da, Basque Railway izenekoa, “Abiadura handia martxan ezartzearen erronkak” lemapean. Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera ofiziala egin behar zion kongresuari, baina, agertu ez, eta Eneko Goia, Donostiako alkatea, izan da inaugurazioa gauzatu duena.

Alkatea eszenatokira igo eta hitza hartua duenean, AHTaren aurkako desobedientziaren aldeko mugimenduaren Mugituko 4 ekintzaile bere ondora jarri eta pankartak eskuan ondorengo aldarriak botatzen hasi dira: “AHTrik ez”, “Herria bizirik”, “el desarrollo es vuestro chollo”, “tenéis el corazón lleno de hormigón”, “la ostia a 120 es mucho más potente, la ostia a 280 es mucho más sangrienta”, azpiegituraren kontrako bertso batzuk abesteaz gain. Segurtasun zerbitzuak ekintzaileak aretotik aterarazi dituzte. Ekitaldia gutxi gorabehera 10 minutuz eten egin da.

Alkateak, ekintzaileen aurka irain batzuk bota ondoren (“estos impresentables”), abiadura handiko trena eta beste proiektu txikitzaileak, Donostiko metroa bezalakoa, aldarrikatzen jarraitu du. Segidan, AHTri buruzko bideoa proiektatu eta gero, Arantxa Tapiak, Jaularitzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua, hitza hartu du Jaularitzaren lana goraipatuz eta bertan zegoen José Luis Abalos ministroari, Espainiako Garraio eta mugikortasunekoa, Euskal Y Grekoa proiektua bultzatzeko eskatuz. Momentu horretan, beheko eserlekuetan jarririk zegoen ekintzaile bat altxatu da eta AHTaren aurkako aldarriak ozen berriro oihukatu ditu eskuorriak botatzeaz batera, ekitaldi ofiziala berriro etenduz. Berehala aterarazi dute. Denbora gutxira, Arantza Tapia sailburua berriro segitzen saiatu denean, beste ekintzaile batek berriro ekin dio aldarrikapenari hirugarren aldiz ekitaldiaren etena gauzatuz.

Ekintzaile guztiak identifikatu ondoren, Kursaaletik bota dituzte.

BASQUE RAILWAY: AHTA GELDITZEKO ORDUA HELDU DA!

Mugitu!, AHTren aurkako desobedientzia mugimenduak, Eusko Jaurlaritzak antolaturiko Basque Railway izeneko nazioarteko Kongresua salatu nahi du, Euskal Herrian inoiz egindako azpiegitura txikitzaileena, xahutzaileena eta antisozialenaren apologia lotsagarria delako.

Bereziki, Eusko Jaurlaritza eta berau kudeatzen duen Partido del Negocio Vasco salatu nahi ditugu, kosta ala kosta AHTaren lanak tematuta aurreratu nahi dituztelako. Gobernu zentralarekin izandako negoziaketa guztietan beraien helburu nagusia azpiegitura hau finantzatzeko gero eta diru gehiago lortzea da, beren agenda politikoaren giltzarria bihurtuta. Halaber, beren etengabeko itxurakeria kritikatzen dugu: krisi klimatikoaren aurkako borrokaz ahoa betetzen duten bitartean AHTaren lanak segitzen dihardute, bere eraikuntzan zein funtzionamenduan CO2 kopuru itzelak eragiten dituztenak. Urkullu jauna!, ezin da Forondako zelaietan zuhaitz bat landatu porlanezko politikarekin ziztu bizian segitzen duzuen bitartean. Iritsiko da eguna non ekozidak historiaren auzitegian epaituak izango diren, zibilizazio kolapsora bideratu gaituztelako.

AHTaren eraikuntza, hala nola azpiegitura handien proiektuak, kapitalismoaren garapen ereduaren aurrerako ihesa baino ez dira, inoizko krisi global, ekologiko, ekonomiko eta sozial handienera garamatzana. Makroazpiegitura honetan xahutzen diren baliabide publiko izugarriak etekin itzelak ematen dizkie bankariei, eraikuntza enpresei eta klase politiko ustel bati. Aldi berean, murrizketa beldurgarriak pairatzen ditugu hezkuntzan, osasungintzan, pentsioetan eta laguntza sozialetan. Hau gutxi balitz, AHTa garraio elitista hutsa da, landa eremuak komunikatzen eta biztanle gehiengoak erabiltzen dituen betiko trena desinbertsio prozesu batean dutela. AHTa hortaz, ezberdintasun sozialak eta lurraldekoak areagotzen ditu, krisialdian eta zorpetzean hondoratuz. Gainera, abiadura handiko lineak herritarrei inposatzen zaizkie erabakitzeko orduan inongo aukerarik eman gabe; aitzitik, gobernuek desinformazioa, manipulazioa eta autoritarismoa behin eta berriz erabiltzen dituzte. Arrazoi hauek guztiak aski dira urtarrileko 30eko greba orokorrean parte hartzeko, zuk kontrakoa esan arren, Urkullu jauna.

Hau dela eta, AHTa eta azpiegitura handiak gelditzeko garaia dugu, gaur egungo jendartearen eraldaketa sakon bat abiatuz guztion artean soluzioak bilatzeko. Garraio motorizatua murriztea beharrezkoa ikusten dugu autosufizientzia eta gertutasuna lehentasunez bultzatuko duen eredu sozio-ekonomikoa sustatuz eta herrien autoerakuntza erak eta erabakiak errespetatuz.

Honegatik guztiagatik, “Euskal Y”-aren eta Nafar Korridorearen lanen berehalako gelditzea exigitzen dugu. Batu AHTaren aurkako desobedientziara!

Etiquetas: