EH Bildu Hondarribia, 2020ko aurrekontuen balorazioa

Hondarribiko Udaletxea

EH Bildu Hondarribia.- Hondarribiko udaletxeko sail ezberdinak 2021 urtean edukiko dituzten beharrizanak aurkezten hasiak diren honetan, aurrekontuen negoziaketen atarian gaudela gogorarazten digu. Gauzak horrela, Hondarribiko EHBildutik 2020ko aurrekontuen proposatutako programen balorazioa egiteko asmotan gaude.

2020 urterako aurkeztutako proposamenak hauek izan ziren:

  1. Mariñel itsasontzia kultura-ondarea izendatzeko 2.500 €

  2. Enrike Lekuona ikerketa beka 12.500 €

  3. Kataluniako Cadaqués udalerriarekin senidetzeko proiektua 4.000 €

  4. Aldaketa klimatikoaren aurkako plana (sentsibilizazioa). 18.000 €

  5. Roke Mendez eta Jose Luis Mondragon oroimen harria 2.000 €

  6. Emakumea eta itsasoa ¡kerketa beka 7.000 €

  7. Musika Eskola antolaketa eredua aztertzeko proposamena 18.000 €

  8. Jaizkibel-Jaitzubia ingurumen egitasmoa 13.500 €

  9. Berdintasun teknikaria kontratatzeko 60.000 €

Hauetatik hiru onartu gabe geratu ziren, guk erretiratuta edo kontrako bozka jaso zutelako. Cadaquesen senidetze proiektua, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen oroimen harria eta berdintasun teknikaria bideratzeko programak. Aipatu behar da, Roke Mendez eta Jose Luis Mondragonen programan, gaia bizikidetza batzordean lantzeko utzi genuela eta ekainak 18ko ohiko udalbatzan “gertatutakoaren inguruan aztertzen jarraitzeko eskakizuna” bideratu genion gaia aztertzen ari den Eusko Jaurlaritzako bake eta bizikidetza idazkaritzari. Eskaera edo mozio hori aho batez onartua izan zen.

Proposamenetik sei programa onartu egin ziren:

Mariñel itsasontzia eta Enrike Lekuona beka. Bi programa hauek Arma Plaza Fundazioak kudeatzen ditu eta bertako patrono ere bagarenez, programa onartzeaz gain, hauen lanketa gertutik jarraitu dugu, bertako teknikariak lagunduz eta momentuko beharrizanei aterabideak eskainiz ( burokrazia lanekin lagunduz, familiarekin harremana mantenduz eta erabakiak kontrastatuz...)

Mariñel itsasontziaren eraberritze lanen kontratazioa abuztuan gauzatu zen.

Eta Enrike Lekuona beka berriki onartu eta plazaratu da.

Ingurumen sailak berriz, bere gain hartu ditu Jaizkibel-Jaitzubia egitasmoa eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko plana. Gure partetik nahi baina jarraipen txikiagoa eginda ere (pandemia bat tarteko) bertako teknikariak aurretik kabidarik ez zuten proiektuak aurrera ateratzeko baliatu ditu eta aurten, programarekin aurrera jarraitzea pentsatu dugu.

Musika eskolaren kasuan, bertan bizi duten blokeo egoera gogorretik ateratzeko gure saiakera egin dugu. Urte honetan zehar aurrekontuen garaian negoziatutako programa baliatuz irakasle, alderdi eta beste herrietako zenbait profesionalek parte hartutako bilerak dinamizatu ditugu. Asmoa ikasturte amaierarako aterabide bat adostea zen, baina, pandemiak eta kontsentsu ezak behartuta, hastapenetan zehaztu bezala, prozesua agortu egin da. Laster, prozesuan ikasitakoen ondoren, gure proposamena mahai gaineratuko dugu musika eskolaren zerbitzuen karta aurkeztuz.

Guzti hau kontutan hartuta, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Hasieratik aurkeztutako programa ia guztiak, modu batean edo bestean, aurrera eramatea lortu dugu. Gainera, zera azpimarratu nahiko genuke, negoziatutako programa gehienak exekutatu egin direla osorik ez bada partzialki eta hori gure udalean ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Etiquetas: