Abotsanitz.- Aranzadi Zientzia Elkartea, udalaren eskariz, 1936ko irailean faxistek fusilatutako bost milizianoen gorpuen bila ari da atzotik. Guadalupeko gotorlekuko indusketa arkeologikoan presente egotea debekatu dio gaur Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak (EAJ) Aitzol Arroyo historialari eta Abotsanitz oposizioko lehen taldeko zinegotziari. Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kide ari dira indusketa egiten, atzotik. 1936ko irailean faxistek fusilatutako bost milizianoen gorpuen bila ari dira. Arroyo izan da orain arte indusketara hurbildu den udal kide bakarra.
Atzoko lehen jardunaldian Arroyo presente egon zen, eta gertatzen zenaren berri eman zuen Abotsanitzen twitter kontuaren bidez. Tarteka udal taldearen komunikazio arduradunaren laguntza eduki zuen. Biek, udal arkeologoaren baimena jasoa zuten aurretik, eta udal prentsa zerbitzuari horren berri eman zioten lanak hasi bezperan. Ez goizez, ez arratsaldez, atea ireki eta ixteko ardura zuen pertsonak ez zien arazorik jarri, eta komentatu zuen bazekiela biek sartzeko baimena zutela. Arratsaldeko jarduna amaitzerakoan, baina, jakinarazi zien biharamunean ezingo zutela sartu, alkateak hala agindu zuelako.
Hala, gaur goizean gotorlekura sartzea debekatu diete. Udal arkeologoak jakinarazi die alkatearen erabakia zela, eta berak ezin zuela ezer egin, erabaki politikoa zelako. Arroyok azalpenak eskatu dizkio alkateari telefonoz, eta debekuaren arrazoiak segurtasun arlokoak zirela erantzun du Sagarzazuk.
Abotsanitzek argi du hori ezin dela egia izan, bezperan sartzeko baimena zutelako. Are gehiago, Abotsanitz Udal Taldeak asteartean udalaren prentsa zerbitzuari jakinarazi zionean indusketara bi pertsona horiek joango zirela, udal gobernuak erantzun zuen gauza bakarra izan zen, beraiek ez zutela ezer esango lanak dirauen bitartean, lanak bukatutakoan behar bezala informatuko zutela. Inolako debekurik ez, bakarrik udalak indusketen berri ez ematea erabaki duela.
Eta hori da, Abotsanitzen ustez, debekuaren arrazoia. Abotsanitzek indusketen berri eman duela, hori da udal gobernu jeltzaleari gustatu ez zaiona. Hondarribiko EAJ-k gaia ezkutatu nahi izan du, eta akats handia da hori. Memoria historikoa egiten ari gara eta gizarteak parte aktibo izan behar du. Eta horren froga dira Aranzadik burutzen dituen indusketa prozesu guztiak, gizarteari irekiak eta erabat gardenak baitira. Aurkikuntzak beraiek bezain garrantzitsua baita horien kontakizuna. Bakarrik horrela egin daiteke memoria historikoa.
Ulertezina da Hondarribiko udal gobernuaren jarrera. Ez herritarrei, ezta komunikabideei ere, ez zaie bost milizianoen gorpuen bilaketa lanen berri eman. Udalbatzak aho batez onartuta eta diru publikoz finantzatutako lanak diren arren. Sinesgaitza da hori.
Segurtasun kontua balitz, nola liteke igandero bisitari anonimoek gotorlekua ezagutu ahal izatea, eta udal ordezkari batek ez lortzea horretarako baimena, hilabeteetan prestatu den indusketa bat izanik? Segurtasuna aitzakia baino ez da, baina atzetik arrazoi politikoak daude, eta jarrerakoak. Egunero zailtasunak ditugu gure udal jarduera burutzeko, oposizioa egin nahi dugunean ez ezik, baita gobernuari laguntzen saiatzen garenean ere, oraingoan bezala.
Udalbatzak aho batez onartu zuen indusketa hauek egitea, memoria historikoa berreskuratzeko saio hau egitea, eta horren berri emateko aukera ukatu zaigu, alkateak galarazi digu. Gobernatzeko gaitasun ezaren aurrean, komunikazioaren kontrola eta debekua, hori da Hondarribiko EAJ-ren politika.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 783 irakurketak
- Castellano