Europako funtsak udaletara iritsi behar direla adierazi du EH Bilduk

Ane Unanue Jokin Melida eta Oihana Briones

Iungo EH Bildu.- Covid-19ak gogor eragin du udalen egunerokatosunean, 2020 urterako eginak ziren aurreikuspenak era sakonean moldatzera behartu gaitu.

Zentzu honetan, Europako Batasunak funts bereziak iragarri ditu datozen urteetan izango ditugun erronkei aurre egiteko eta COVID19aren izurriteak areagotutako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak berreraikitzeko. Funts hauek hiru ardatz izango dituzte: eraldatze digitala, trantsizio ekologikoa eta gizarte inklusioa. Aipatutakoak, gure taldearentzat aspalditik funtsezkoak diren ardatzak dira. Besteak beste, etxebizitza duina izateko eskubidea eta pertsonen ongizatea bermatuko dituen politika publikoak, EH Bilduren aspaldiko aldarriak dira.

Irungo udalak, bozeramaile guztien babesarekin, hainbat proiektu aurkeztu ditu jada. Irungo EH Bildurentzat horietako proiektu asko garrantzitsuak dira, eta bereziki begi onez ikusten ditugu ekonomia sozialarekin eta berrikuntzarekin lotutakoak. EH Bildun aitzindariak izan gara ekonomia sozialaren garrantziaz ohartarazten eta gure eskualdean badaude horretan ekimen interesgarriekin lanean ari diren eragileak. Horregatik, udal gobernuari dei egiten diogu eragile horiekin batera lanean jarrai dezala aurkeztutako proiektuak garatu eta berriak sortzeko. Irungo EH Bildun ere, lanean jarraituko dugu hainbeste partekatzen ditugun ardatz horien baitan proposamen berriak egiten.

Honek guztiak erakusten digu ekonomia eta berrikuntzarekin lotutako proiektuak herrian lantzearen garrantzia,. Horregatik, EH Bildun argi daukagu europako funtsak udaletara iritsi behar direla. Ezin dugu onartu funts hauek zalantza handiak sortzen dituzten makroproiektuetara bideratzea, adibidez, inondik inora eramango ez gaituen AHTra, ezta sekulako irabaziak dituzten enpresa handien eskuetara joatea ere. EH Bildun sinetsita gaude tokian-tokiko proiektu interesgarriak garatzeko aukera baten aurrean gaudela eta ezin dugula hau galtzen utzi. Horretarako, mozio bat aurkeztu dugu europako funtsak udaletera iritsiko direla bermatu eta udalek aurrean dituzten erronkak garatzeko beharrezko finantziazioa izan dezaten.

Ostiral honetan burutuko den udalbatzan eztabaidatuko den mozioak honako eskaerak jasotzen ditu:

Alde batetik, EUSKO JAURLARITZARI EAEko udalentzako ez -ohiko diru funtsa berezi bat sortzea eskatzen diogu, udalek COVID19aren krisiaren ondorioz jasan behar dituzten gastu hauei aurre egiteko. Herritarrak babestu nahi baditugu ezinbestekoa da udalek nahikoa finantziaziaio izatea, gastu orokorrei aurre egiteaz gain, gizarte laguntzetan sakontzeko.

Bestetik, aipatu ditugun arrazoiengatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, Europatik datozen funtsen %30 udaletara bideratua izan dadin . Proiektuek beharrezkoa duten finantziazioa izan dezaten.

Etiquetas: