EH BILDU Irun.- Koronabirusa dela-eta ezohiko egoerak bizitzen ari gara. Pandemia honek gure eguneroko bizitzak eta ohiturak baldintzatu ditu eta tamalez, batzuek zuzenean bizi izan dute gaixotasuna edo senideren bat galdu dute. Doakiela guztiei gure besarkadarik estuena.
Koronabirusak behar berriak sortu ditu Irunen ere, aurretik zeudenak areagotzearekin batera. Irungo EH Bildun lanean egon gara udalak behar horiei erantzun egokiena eman diezaien. Horretarako, etengabeko harremana izan dugu bai udal gobernuarekin baita oposizioko gainontzeko alderdiekin ere. Gure proposamenak aurkeztu ditugu eta sortutako behar eta arazoen gaineko jarraipena egin dugu.
Hala, udalak dituen zerbitzu eta kontratuekin bitartekaritza lana egin dugu, horretarako sindikatu eta langileekin hitz eginez. Arloz-arloko proposamenak egin ditugu ere: Lehen sektorean larunbateko azoka txikia berriz martxan jartzeko eskatu genuen, hezkuntzan bitartekoak ez dituztenei ordenagailuak banatzea eta konexioa bermatzea eskatu genuen, merkatari txikieei eta eragile kulturalei laguntzeko proposamenak egin ditugu, boluntarioen poltsaren ekimena sustatu genuen eta lan presentziala egitea ezinbestekoa ez zuten langileen etxeratzea eskatu genuen.
Proposamenak egiteaz gain, hainbat gairen gaineko jarraipen zuzena egin dugu: Ongizate arloarekin zuzeneko harremana izan dugu eta ondo kudeatuak ez zeuden kasuei behar bezalako erantzuna ematea lortu dugu, Zubia eta Martindozenea dispositiboen jarraipena egin dugu, beharrezkoa izan den kasua ABEE-a eskatu duten enpresen jarraipena egin dugu, elkarbizita arazoen jarraipena egin dugu eta Artiako ezkien auzian bitartekaritza lana egin dugu.
Udalak martxan jarri duen “Irun aurrera” lehenengo talka planean parte hartu dugu ere. Bertan, EH Bildu alkatetza dagoen udaletan hartutako hainbat neurri jasotzen direlarik. Plan honen helburua, egoera honek sortutako premia larrienei erantzutea da: Herriko merkatariei, tabernarieei eta autonomoei bideratutako dirulaguntzak jasotzen dira eta gizarte zerbitzuetako diru partida handitzen da behar urgenteenei erantzuteko.
Azaldu bezala, Irunen alderdi desberdinen arteko elkarlanetik egoerari aurre egiten ari gara. Maila bat gorago, ordea, Aldundiak aldebakarrez eta inolako negoziaziorik gabe Udalen Diru Funtsari %20ko murrizketa ezartzeko erabakia hartu du. EH Bildutik argi adierazi nahi dugu herritarrei babesa emango dieten politika publikoak garatzeko unea dela eta horretarako beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar direla.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 697 irakurketak
- Castellano