Irungo EH Bilduren proposamenak udal aurrekonturako

Ane Unanue, Oihana Briones, Jokin Melida

Irungo EH Bildu.- Urtarrilean auzkeztu genituen gure taldearen oinarrizko proposamenak 2021ko udal aurrekonturako: udal zerbitzuen deszentralizazioa, hiriko eremu degradatuen biziberritzea eta berraktibatze sozioekonomikorako plana.

Gogoratu, deszentralizaziorako bidean, auzoetan bulegoak sortzea proposatzen genituela. Hauek udal zerbitzuak beharrak dituztenengana gerturatzea izango dute helburu, eta 1,5 milioi euroko partida proposatu genuen. Bulego hauek gizarte zerbitzuetako unitate bat eta SACeko unitate bat izango lukete.

Eremu degradatuak biziberritzeko 2 milioi euroko partida proposatu genuen ere.

Eta azkenik, berraktibazio sozioekonomikorako plan bat jarrai genuen mahai gainean, autonomo, enpresa txiki, ostalari, merkatari... bideratua, aurreko diru laguntzetatik kanpo geratu diren zerbitzuetara iristeko.

Izan ere, bizi dugun krisi egoerari neurri sozial indartsuekin egin behar zaio aurre. Aipatutako oinarrizko proposamenenei ondorengo hauek gehitzen dizkiegu, betiere pertsonen ongizatean hobetzeko helburuarekin.

Hala, gizarte inklusibo baten alde hainbat proposamen aurkezten ditugu:

ZUBIAko plaza kopurua handitzea (200.000 euro):

Gero eta jende gehiago ikus dezakegu kalean lo egiten. Egungo ZUBIA zentroa motz geratu da dauden behar guztieei erantzuteko eta horregatik urteko edozein egunetan erabilgarri egongo liratekeen 20 plaza berri sortzea proposatzen dugu.

Tailer okupazionalak gizarte-bazterketan daudenenentzat (120.000 euro):

Gizarte-bazterketa egoeretan dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetu asmoz tailer okupazionalak proposatzen ditugu

Babesgabetasun egoeratan dauden haurren esku hartze goiztiarrerako programa (95.000 euro):

Haurren babesgabetasun egoerak modu goiztiarrean antzemateko eta bertan eskuhartzeko programa sortzea proposatzen dugu

Irungo auzoen azterketa soziologikoa (50.000 euro):

Ezaguna da EH Bilduk auzoei ematen dien garrantzia. Auzoen egoerak eta auzoek dituzten beharrak hobeto ezagutzeko, azterketa soziologikoa proposatzen dugu. Eskaera hau hainbat auzo elkarteren eskutik dator.

Bidasoa-Txingudi mugaz-gaindiko patzuergoaren aurrekontua handitzea (50.000 euro):

Eskualdeko estrategia garatzeko, eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalen arteko harremanak indartzeko proposatzen dugu partida hau.

Proposamen hauek pertsonak politika publikoen erdigunean jartzen dituzte eta Irundarron bizi-baldintzak hobetzea dute helburu. Datozen egunetan ikusiko dugu negoziazioak zer ematen duen.

Etiquetas: