Oihana Briones: “Irundarron beharrak politika publikoen erdigunean jartzea lortu dugu”

Oihana Briones, Nekane Zinkunegi eta Oskar Matute

EH Bildu Irun.- Udal legegintzaldi erdia bete dela-eta, 2 urte hauen balorazioa egin du EH Bilduk Irunen egindako agerraldian. Oihana Briones Irungo zinegotzia, Nekane Zinkunegi Gipuzkoako arduradun politikoa eta Oskar Matute Kongresuko diputatuak hartu dute hitza.

Oihana Brionesek azaldu duenez “EH Bilduko hautetsiok helburu argia dugu Irunen: irundarren bizimodua hobetzea. Legealdi honetako lehen bi urteetan horretan aritu gara. Irungo udal gobernuarekin aurrekontu akordioetara iritsi garenean, herritarren beharrei eman diegu lehentasuna, eta erakutsi dugu erabakietan parte hartzen dugunean, herritarren bizi baldintzak hobetzen direla”.

Aurtengo aurrekontuei bide emateko EH Bilduk hartutako konpromisoa gogorarazi du Brionesek: “Hari esker, pandemiak eragindako krisiak gogorren kolpatutako sektoreei laguntzeko 100.000 euroko partida aktibatu zen. Gizarte babesera 270.000 euro bideratu ditu Irungo Udalak, EH Bilduren ekimenez, neurri zehatzetan garatu direnak: Zubia zentroa 24 orduz irekitzeko bermea, babesgabetasun egoerako herritarrentzako tailer okupazionalak, edota egoera zaurgarrian dauden haurrei bideratutako programak. EH Bilduri esker, auzoz auzoko ikerketa soziologikoa egingo da Irunen, eta udal zerbitzuak auzoetara bideratzeko 62.000 euroko partida jaso zen aurrekontuetan. Eta luzera begirako ikuspegiarekin, Irungo udal gobernuak 2023ra arteko sei milioi euroko konpromisoa hartu zuen iazko aurrekontuen negoziazioan, alokairuko etxebizitza parke publikoa eratzeko”.

Irungo zinegotziak azaldu duenez, “EH Bildun argi dugu ez direla guk egingo genituzkeen aurrekontuak eta ez gaituzte asetzen. Baina lanean jarraituko dugu irundarren beharrak politika publikoen erdigunean jartzeko, eta akordioa lortuta, COVID19-ak baldintzatutako garaian, irundarron ongizatea aurrekontuetan txertatzea lortu dugu. Lau mila irundarrek babestu gintuzten 2019ko udal hauteskundeetan, eta egunez egun, babes handiagoa dugula sentitzen dugu. Legealdiko datozen bi urteetan, baita aurrerago herritar irundarren interesak politika publikoen erdigunean jartzeko lanean jarraituko dugula.

Ondoren, Nekane Zinkunegik, EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politikoak, hartu du hitza: “Pandemiak erakutsi du herritarren beharrak politika publikoen erdigunean jarri behar direla. EH Bildu horretan ari da lanean, eta tresna politiko erabakugarria dela erakutsi du”.

Zinkunegik gaineratu du “Pandemiak areagotutako gizarre arrakala murrizteko eta herritarren interesak lehenesteko lanean ari da EH Bildu Gipuzkoan. Alkatetzetan gauden herrietan elkarrizketa sustatuz eta oposizioan gauden herrietan akordioak bilatuz.” Zentzu honen Irunen lortutako akordioak nabarmendu ditu.

Azkenik, Oskar Matute, Kongresuko diputatuak pentsiodunen aldarrikapenak mahaiganeratu ditu: “Pentsiodunen eskaerei bide eman behar zaie, ez da aski KPIa igotzearekin”.

Etiquetas: