Euskararekiko konpromiso sendoa har dezala eskatzen diogu udal gobernuari

imagen

Irungo EH Bildu.- Abenduaren 3a euskararen eguna da, zalantzarik gabe, gure hizkuntzak guztiz merezi duen aitortza eguna. Baina ezin dugu ahaztu euskarak 365 urte dituela, hau da, urteko egun guztietan zaindu, maitatu, eta batez ere, erabili behar dugu euskara.

Aurten, hain zuzen, erabileran jarri nahi dugu indar berezia, erabilera baita euskaren aldeko konpromisoa erakusteko modurik argiena. Guztioi dagokigu, gure egunerokoan euskara erabiltzea, baina norbanakoen ahalegin txalogarriaz harago institituzioen egin beharra da honetan ere eredugarri izatea.

Irungo udalaren kasuan, tamalez, euskara bigarren plano batean dago, kanpora zein barrura begira. Kanpora begira ugariak dira nagusiki gazteleraz diren prentsaurreko eta adierazpen publikoak, eta udalbatzetan ere argi ikusten da euskara eta gazteleraren artean dagoen desoreka. Barrura begira ere euskarari ez zaio behar bezalako garrantzia ematen: adibidez, udal gobernuak proposatzen dituzten adierazpenetan ohikoa da taldeok testu proposamena gazteleraz jasotzea, gerora publiko egiten den testua euskaraz eta gazteleraz argitaratzen den arren.

Beraz, aukera baliatu nahi dugu Irungo udal gobernuari euskararekiko konpromiso sendoa har dezala eskatzeko, eta horrekin euskararen erabilera handitzeko, udaletxe kanpora zein barrura begira. Zentzu honetan, eskertzen dugu zenbait ordezkarik euskara erabiltzeko egiten duten ahalegina, hori da bidea eta horretan sakon dezala eskatzen diogu udal gobernuari.

Ez baitugu ahaztu behar euskara guztion ondarea dela, euskal gizarte osoak duen altxor ederra, integrazio eta kohesio tresna ere badaleko. Eta denoi dagokigu behar bezala zaintzea. Ardura politikoa ere bada euskarari erabilera duina ematea eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea.

Hala, Irungo EH Bildun lerro hauek baliatu nahi ditugu gure lan hizkuntza nagusia den euskararekiko dugun konpromisoan berresteko. Eta aldi berean euskara erabiltzera animatu nahi ditugu irundarrak.

Etiquetas: