EH Bilduren ekimenez, 400.000 euro gehiago kreditu aldaketan

Jokin, Oihana eta Ane

Irungo EH Bildu.- Aurreko ostiralean egin zen udalbatzan 2021 urteko aurrekontuaren kreditu aldaketa onartu zen. Irungo EH Bilduk ekarpen esanguratsua egin zuen bertan, zuzenketa ezberdinen bidez 400.000 euro gehitu baikenizkion udal gobernuaren proposamenari.

400.000 euro horietatik zenbatekorik handiena duen partida (117.000 euro) udalaren eskumenekoak diren landa bideak konpontzeko erabiliko da. EH Bildun gure landa auzoen eta euren herritarren aldeko apustua egin nahi izan dugu. Ekimen honi esker landa bide askotan beharrezkoak diren konponketa eta mantentze-lanak egitea ahalbidetu dugu.

Kultura Km 0 izan da gure taldearen beste ardatzetako bat kreditu aldaketa honetan. Izan ere, garai hauetan tokiko kulturaren aldeko apustua indartu behar delakoan gaude. Hori dela-eta, EH Bilduren ekimenez 100.000 gehitu dira aurretik zegoen diru kopuruari. Gainera 5.000 euro bideratuko dira KM0-ko lanak erosteko.

Mugikortasun-jasangarriaren aldeko apustua txertatu nahi izan dugu ere, leku estrategikoetan bizikleteentzako takila-aparkalekuak ezartzeko proiektu pilotu baterako 20.000 euro bideratuz.

Eskola kirolak duen garrantziaz jakitun, horri ere heldu nahi izan diogu kreditu aldaketan. Hala, neskeen parte hartzea indartzeko ikerketa bat egiteko partida sustatu dugu (10.000 euro). Izan ere, eskola kirolean neskek parte hartze baxua dute eta ikerketa honekin Irungo neska bakoitzak kirolaz disfrutatzeko aukera izatea bermatu nahi dugu.

EH Bilduk kreditu aldaketa honi egin dizkion gainerako ekarpen nagusiak tokiko merkataritzari bideratutako diru partida handitzea, gazteen programazioa indartzea, gazteei Irunvi-ren berri emateko kanpaina egitea, euskararen erabilera sustatzeko diru-laguntzak ezagutarazteko kanpaina egitea eta udal liburutegirako euskarazko materiala erosteko partida dira.

Zinez uste dugu gure ekarpenek herritarron egunerekoan eragin positiboa izango dutela. Izan ere, beste behin argi geratu denez, EH Bildu akordioetan dagoenean irundarron bizi-baldintzak hobetzen dira.

Etiquetas: