Abotsanitz.- Visesak ia 250.000 eskatu dizkio Hondarribiko Udalari etxebizitza publikoetarako hitzarmena bertan behera geratu eta gero. Aurretik ia 600.000 euro ordaindu zizkion udalak eraiki ez den aparkalekuaren BEZagatik.
Abotsanitz Udal Taldeak prentsaurrekoa eskaini du gaur Biteri eskolaren pareko lurzoruan. Duela hiru urte leku horretan bertan Txomin Sagarzazu alkateak komunikabideak deitu zituen Presa I eta II promozio publikoak eraikitzeko Hondarribiko Udalak eta Visesak hitzarmena adostu zutela berri emateko. 2018ko uztailaren 5ean alkateak esan zuen hiru urtetan etxebizitzak eraikiak egongo zirela, eta Visesak ere data hori berretsi zuen. (https://labur.eus/Z4Xoo)
Presa I promozioan, Biteri pareko aparkalekuan, 84 etxebizitza publiko eraikiko ziren, 42 alokairuzkoak eta beste horrenbeste salmentazkoak. Eta bizilagunek beharko lituzketenak baino 230 toki gehiagorentzako aparkaleku bat. Hondarribiko lehen disuasio-aparkalekua izango litzateke. Presa II promozioan, Jostaldi ondoan, beste 34 etxebizitza, denak alokairu sozialekoak.
Osoko bilkuran onartu eta gero, 2018ko azaroan sinatu zuten hitzarmena Udalak eta Visesak. Bi urte eta erdi pasata, hitzarmen hori bertan behera utzi dute bi aldeek, oposizioko alderdiei eta herritarrei inolako azalpenik eman gabe. Aurreikusitakoaren arabera etxeak bukatzear egon beharko liratekeen arren, ez da makina bakar bat ere sartu lurzoruetan, baina gauzatu ez den hitzarmenak kostu handia izan du hondarribitarrentzat. Abotsanitzek jakin ahal izan duenez, Hondarribiko Udalak ia 600.000 euro ordaindu zizkion Visesari egin ez den aparkalekuaren BEZ-agatik, eta 2021 urteko apirilean beste milioi laurden eskatu dio Visesak Udalari, burutu ez den hitzarmena likidatzeko.
2021eko urtarrilaren 13an Hondarribiko udal gobernuaren propaganda zerbitzuak 2020ko balantzea eta 2021eko aurreikuspenak izenburuko bideoa igo zuen udal webgunera (https://labur.eus/W2Amx). Bertan, etxebizitza publikoari dagokionean (11m36s-tik aurrera), honakoa esaten du hitzez hitz Txomin Sagarzazu alkateak: “PRESA I-en gaia korapilatu egin zaigu. Guri korapilatzea baino, esan beharra daukat VISESArekin adostua genuen hitzarmena bete ezinik geratu dela VISESA, arrazoi geoteknikoengatik”. Hau da, alkateak arabera, hitzarmena 2021eko urtarrila baino lehen baliogabetuta egongo litzateke, Visesak hitzarmena ez zuelako bete.
Baina 2021eko apirilaren 16an Hondarribiko Udalera bidalitako gutunean, Visesak adierazi zuen hitzarmena bertan behera geratzearen arrazoia Auzitegi Gorenak plan orokorra baliogabetu izana dela. Eta horrekin batera, astebete geroago, hitzarmena likidatu ahal izateko 248.583,91 euro ordaintzea eskatu zion Hondarribiko Udalari, eginiko lanengatik.
Milioi laurden horri beste 598.500 euro gehitu behar zaizkio, Hondarribiko Udalak Visesari ordaindu zizkionak. Zeren kontzeptuan? Egin ez den aparkalekuaren BEZa ordaintzeko.
Abotsanitzen hiru eskakizun
Abotsanitz Udal Taldeak hiru eskakizun egiteko baliatu du gaurko prentsaurrekoa. Batetik, argitu dezatela publikoki zer den gertatu dena, eta norena den ardura. Presa I eta Presa II-ko hitzarmenaren gertatu dena oso grabea delako, eta herritarrek azalpenak behar dituztelako.
Bigarrenik, udal gobernuari eskatzen diogu berehala abiatu dezala Presan eta Damarrin 176 etxebizitza publiko eraikitzeko prozesua. Duela 25 urte onartutako proiektuak dira, eta ezin dira gehiago atzeratu.
Eta hirugarrenik, etxebizitza politika iraultzeko exijitzen dugu. 1996ko arau subsidiarioetan zehaztutako plangintzaren arabera, hurrengo urteetan Hondarribian 1.354 etxebizitza publiko (babes ofizialekoak edo tasatuak) eraiki behar ziren, eta 921 pribatu. Bada, 1996 eta 2020 urteen artean 527 etxe publiko bakarrik eraiki dira, eta, aldiz, pribatuak, 2.135. Arauen arabera, %59,5 izan behar zuten publikoek, baina %19,8 baino ez dira izan. Eta pribatuak, %40,5 izan behar ziren, eta %80,2 izan dira, eta aurreikusitakoak baino 1.214 gehiago eraiki dira gainera.
Hiriaren etorkizuna diseinatuko duen plan orokorraren prozesua martxan dago, eta bertan Abotsanitzek etxebizitza publikoa lehentasun izan dadin borrokatuko du. Eta arau subsidiarioen garapenean izandako desoreka zuzentzea exijituko dugu.
- Egutegia
- 391 irakurketak
- Castellano