Hezkuntza plazara Irun: "Bigarrenez bildu gara Irungo Hezkuntza Saileko arduradunekin"

Hezkuntza plazara Irun bilera

Hezkuntza plazara Irun.- Jakin den moduan irungo hezkuntza komunitatearen diagnostikoa osatu genuen apirila eta maiatza bitartean. Bertan ateratako ondorio nagusiekin dokumentu bat osatu genuen eta ekainaren 7an irungo alkateari, hezkuntza saileko zinegotzi eta teknikariari, eta alderdietako ordezkariei aurkeztu genien. Ekainaren 12an burututako ekitaldi jendetsu batean aurkezpen publikoa egin genuen San Juan plazan.

Lehenengo urrats horien ostean ere lanean jarraitu dugu. Alde batetik, dokumentua EAEko Hezkuntza Sailari igorri diogu bide ofizialak erabiliz. Eta bestetik, irungo udaleko hezkuntza arloko ordezkariekin bildu gara, beraiek egindako eskaerari erantzunez.

Bilera hori pasaden uztailaren 2an burutu zen eta bertan Santiago Jimenez (Irungo Hezkuntza zinegotzia), Iñaki Arreseigor (Irungo Hezkuntza teknikaria) eta gure ekimeneko 4 kidek parte hartu zuten:

  • Junkal Lekuona (LH-ko irakaslea)
  • Ainhoa Portugal (Jangelako begiralea)
  • Xabi Zabala (Irungo gurasoa)
  • Ane Olmedillo (DBH-ko irakaslea)

Gure ustez honako hauek izan ziren bileraren ondorio garrantzitsuenak:

  • Hezkuntza ordezkariek gure diagnostikoaren dokumentua aztertu dutela aipatu ziguten eta diagnostikoaren gauza gehienekin ados agertu ziren.
  • Hori horrela, hurrengo ikasturtera begira aurtengo ikasturtean hartutako neurri berdinak hartzeko konpromisoa azaldu zuten, hala nola; garbiketa zerbitzua, HH eta LH-ko ikastetxeetan karpak jartzea eta Irungo espazio publikoen erabilera ahalbidetzea, besteak beste.
  • Gure aldetik, azpimarratu nahi izan genuen pasaden kurtso honen hasieran neurri asko berandu hartu zirela eta zentzu askotan ez nahikotzat baloratuak izan direla hezkuntza komunitatearen aldetik (diagnostikoan argi ikusten den moduan). Espero dugu hori berriz ere ez gertatzea.
  • Gainera oso nabaria da irungo ikastetxe askok instalakuntza eta espazioen aldetik arazo handiak dituztela eta pandemiak arazo horiek areagotu besterik ez dituela egin. Udalari eskatu genion zentzu horretan bere eskuetan dagoen guztia egin dezala edo dagokien administrazioarekin kudeatu ditzala behar horiek.
  • Beste gai askoren inguruan ere hitz egin zen bilera horretan: familien kontziliazioa hobetzeko neurriak, euskararen erabilera bultzatzeko bideak, ikasleen inklusioa bermatzeko aukerak, irungo ikastetxeen etorkizuneko berrantolaketa…
  • Nahiz eta argi eta garbi geratu zen arazo eta gai horiei guztiei konponbidea emateko ardura udalarena dela, Hezkuntza Plazara ekimeneko kideek laguntzeko prest gaudela adierazi nahi izan genuen bilera horretan (gure esku dauden gauzetan behinik-behin).
  • Zentzu horretan irailaren 9an beste bilera bat egitekotan geratu gara.

Irailean hobekuntzarik ez badago hezkuntza komunitateari mobilizatzeko deia luzatuko diogu

Gure borondatea laguntzearena eta elkarlanarena da eta zentzu horretan hartu genuen diagnostikoa burutzeko eta partekatzeko lan handi hori. Esfortzu handia egin dugu eta bide horretan sakontzeko borondatea dugu.

Baina ez dugu ahaztu behar gure ekimena ezinegonetik sortu zela. Guretzat etsaigarria litzateke datorren kurtsoa modu berean hastea. Administrazioaren utzikeria, planifikazio eza eta bitartekoen faltak ondorio latzak ekarri zituen pasaden irailean. 2020-21 kurtsoan hezkuntza komunitateko kideek izan dugun lan kargaren areagotzeak eta bizitu ditugun egoera zailak ezin dira errepikatu. Arazo larriak izan ditugu kurtso honetan. Gure lana bikain batekin baloratua izan da, baina guk ez dugu hori nahi, administrazioak berari dagokiona betetzea behar dugu!!

Horregatik 2021-22 kurtsora begira gauzak hobeto egitea aldarrikatzen dugu. Hezkuntza Sailak bere ardurak betetzea eskatzen dugu. Eta hori ez bada gertatzen gure erantzuna mobilizazioarena izango da. Irungo ikasle, irakasle, familia eta hezkuntza komunitateko gainontzeko langile guztiei mobilizaziorako deia luzatuko diegu.

Beraz, irailetik aurrera lanean jarraituko dugu. Irungo hezkuntza komunitatea saretzen eta batzen jarraituko dugu. Irungo hezkuntza komunitatearen beharrak eta aldarrikapenak defendatzen jarraituko dugu. Elkarrekin indartsuagoak gara!

Etiquetas: