Hezkuntza Plazara ekimenak ikastetxe publikoak jasaten ari diren arazo ugariak salatu ditu

imagen

Hezkuntza Plazara ekimenak.- Hezkuntza plazara ekimenak salatu nahi du ikasturte berri honetan ere arazo ugari gertatzen ari direla Irungo ikastetxe publikoetan.

Hasteko, argi eta ozen esan nahi dugu Eusko Jaurlaritzak zein Irungo Udalak ez dutela beraien hitza bete. Izan ere, Irungo ikastetxeetan 2021-2022 ikasturtea aldez aurretiko arazo zaharrekin hasi da.

Zoritxarrez, administrazioak berriro ere huts egin du. Gasteizko Hezkuntza Delegaritza eta Irungo Udala – bakoitza bere ardura mailarekin – berandu eta gaizki ari dira. Hori dela eta, honako hiru egoera hauek salatu eta plazaratu nahi ditugu, besteak beste:

  1. Irungo ikastetxe askotan, dagoeneko ikasturtea hasita zegoela, irakasleak falta izan dira. Horrek, ikastetxearen funtzionamendu egoki zein esanguratsurako suposatzen duen guztiarekin. Gainera, Jokin Bildarraitz Hezkuntza Sailburuak komunikabide guztietan behin eta berriz aipatutako covid errefortzuko irakasleak irailaren 14an iritsi ziren eskoletara. Ikasturtea dagoeneko hasita zegoela. Zehatz mehatz, Irunen 20 irakasle baino gehiago berandu iritsi dira ikastetxeetara eta ikasle asko tutorerik gabe egon dira. Halaber, irakasleen ordezkapen asko ez dira bete. Hezkuntza sailaren kudeaketa lotsagarria izan da.

  2. rungo ikastetxe askok arazo larriak dituzte instalakuntzetan, aldez aurretik zeudenak eta covid egoerak areagotu egin dituenak. Adibide nabarmena Toki Alai eskolan moduluekin gertatutakoa izan da. Horiek, berandu ipini dituzte eta ikasleak dagoeneko eskolan zeudenean. Bestalde, Irungo ikastetxe batzuetako espazio falta dela eta ikasleak liburutegian edota ikasgeletan bazkaltzen ari dira.

  3. Irungo Udalak lau haizetara zabaldutako karpak oraindik ez daude jarriak. Aurreko ikasturte amaieran horiek ipiniko zituela ziurtatu bazuen ere iraila osoa pasa da eta oraindik ez daude patioetan jarriak. Hortaz, eguraldi txarra egiten badu ikasleek ezin dute jolasgaraian, jangela orduan zein gorputz hezkuntzako saioetan patiora atera, ez baitago aterperik.

Aipatutako arazo larri guzti hauek ahalik eta azkarren konpontzea eta Irungo Udalak zein Hezkuntza Sailak bere ardurak bete ditzala eskatzen dugu. Dena den, komunitatearen kezka eta ezinegona jarraitzen badu, Irungo hezkuntza komunitatea mobilizatzen jarraituko dugu.

Amaitzeko esan, Irungo hezkuntza komunitatea saretzera deitzen dugula. Hurrengo batzar irekia urriaren 20an izango da, arratsaldeko 18:00tan Palmera Montero gunean. Hezkuntza plazara elkarrekin indartsuagoak gara!

Etiquetas: