Agintariek muga aurki desblokatu ezean, Harrera Sareko bolondresen ahalak gainezkatuko dira

imagen

Antxeta Irratia.- Azaroak 8 hontan 50 migrante bildu dira San Juan plazan goizeko 7:00etan. Muga trebeskatu nahi zuten nola edo hala, eta taxiak hartuta «batek daki nondik saiatu diren», dio kezkatua bertan topatu dituen Harrera Sareko Antxonek. Haien pista galdu dute gero Harrera Sareko bolondresek.

Asteburuan 160 migrante inguru lagundu dituzte, eta «gainezkatuak» daudela aitortu dute, egoera «muturrekoa» baita egunotan. Izan ere, espainiar Gobernuak Kanariar Irletatik penintsulara bidea jarrai dezaten baimentzen ditu, eta azken bi asteotan kopuruak emendatzeaz gain, heldu diren migranteen erdia emakume gazteak dira, batzuk ume txikiekin datoztenak.

Hala, asteburu honetan Gurutze Gorriak kudeatzen duen Arretxegainako Hilanderas kaleko aterpetxea haientzat bideratu dute lehen aldikotz esklusiboki, eta mutilak Donejakue bideko erromesen aterpetxean birkokatu dituzte. «Gobernuak markatzen dizkie denborak, eta hilabeteak bahituak egon ondotik baimentzen die orain bidea», dio Josune Mendigutxia bolondresak. Baina Irunen frantses poliziaren mugetako kontrol zorrotzak topatzen dituzte aurrez-aurre. Geroz eta fermuago.

Muga, kontrolak, arriskua eta sufrimendua

«Hemen tokia bada denentzat», dio Mendigutxiak, «baina behar dena da, aterpetxeko harrera irizpideak argitzea, eta agintariek mugako kontrolak kentzea, libre mugitzeko eskubidea dutelako». Frantses polizia zorrotz jokatzen ari da, eta hala segituz gero, Irunen arazoa agerikoa izango dela iragarri dute bolondresek. Muga pasatzea lortzen ez dutenak beroan itzultzen dituzte Hendaiatik, eta berriak heltzen diren heinean, gainezkatuak daudela diote. «110 pertsona, bakoitzak bere egoera, galdera eta laguntza beharra kudeatzea ezinezkoa dugu», kexu da Josune.

Pasanteen arazoa ere hor da. Pandemia hasi eta polizia kontrolak plantan eman zituztenetik 60 pertsona atxilotu ditu poliziak migranteak diruaren truke muga pasatzen laguntzeagatik. «Putreak dira, negozioa ikusten dutenak beti hor egongo dira», salatzen dute Harrera Sarean. Baina dirurik ez duten migranteek bidea jarraitzeko hartzen dituzten arriskuak ikusita «ezbeharren bat» gertatuko ez oten den beldur dira, aurten iada 6 hildako eman direla oroitaraziz.

Etiquetas: