Larunbat honetan Eurokopa honi EZ manifestaziora joateko autobusa Irundik

2020ean pandemia dela eta futbol txapelketa bertan behera utzi ondoren, aurten berriro ere Bilbon Eurocopa jokatzeko apustua egin dute UEFAk, Espainiako futbol federazioak, Bilboko agintariek eta beste hainbat entitateek. Erabaki horren aurka mobilizatzeko beharra azpimarratu nahi dugu, eta Eurocopa Honi Ez Plataformaren aldetik, ekimen hau gelditu dezagun lanean jarraituko dugu, orain arte egin bezala.



Duela bi urte makro-ekitaldi honen aurka antolatzeko arrazoi sendoak bagenituen; bistakoa da osasun-larrialdi baten erdian egonda, oraindik eta larriagoa dela euren burua “euskaldunon ordezkari” gisa duten horiek erabaki horri kosta ahala kosta eutsi nahi izatea. Koronabirusak eztanda egin zuenetik, nabarmen okertu dira gizartearen gehiengoaren lan-eta bizi-baldintzak: geroz eta orokorragoak dira ura edo elektrizitatea ordaintzeko zailtasunak; janariaren gutxieneko kalitatea ala alokairua ordaintzearen artean aukeratzera behartuta daudenak; milaka dira euren lanpostuetatik kaleratuak izaten ari direnak, horietako asko lana inoiz gehiago lortuko ez dutela jakitun direnak gainera.

Austeritatea jende arruntaren bizitzetan gelditzeko etorri den testuinguru honetan, politikari profesionalak gehiengoaren ongizatea eta osasuna nola bermatu pentsatzen egon beharrean, euren poltsikoak betetzeko etekina nola atera baino ez dute buruan: horrela baino ezin da ulertu, pobrezia orokorrari erreparatu ez, eta osasun-egoera are gehiago kaskartu dezakeen Eurocopa bezalako iniziatibak bultzatzea. Edota, herritarrei betearazten dizkioten arauak interes pribatuak mesede egin diezaioten nahieran moldatzeko eskumena izatea, inpunitate osoz, gainera: hilabeteetan zehar gure udalerri edo erkidegotik ateratzea debekatua izan den bitartean, Espainiar Estatuko nahiz Europan zeharreko zaletuak San Mamesen hartzea planteatzen jarraitzea.

Baten batek argudia lezake Eurocopa bezalako proiektuak direla ekonomia krisian dagoen une batean modu bakarra indarrean dauden datu kezkagarriei buelta erran ahal izateko: lanpostuak sortzen lagunduko omen duelako; Bilbo Europaren baitako hiri ezaguna izatera igaro daitekeelako, eta horrek turismoari bultzada ezin hobea eman diezaiokeelako. Hala ere, irudiek eta albisteek ezkutatzen dutena proletariotzaren azalak ikusarazten du: ezagunak zaizkigun behin-behinekotasunari, ezegonkortasunari, atseden ezari, edo soldata miserableei deitzen dielako burgesiak aberastasuna.

Bestalde, Eurocopa gaur egungo osasun egoera gora-behera jokatzeak garbi erakusten du langileriaren askatasunen urraketa sistematikoa arbitrarioa dela funtsean: nola ulertu bestela Eurocopa jokaui bai baina ezin bildu edo etxeratze agindua mantentzea? UEFAko buruak milaka ikusleren presentzia exijitu duenean, gainera. Interes pribatuak osasun egoerari lehenetsi zaizkiola garbi erakusten du Eurocopak, aberastasuna erakarri ordez, langile klaseak ordaindutako zergak esku pribatu partikularretara bideratzeko soilik balioko baitu.

Espainolismoak funtsezko paper bat jokatuko du prozesu honetan zehar. Izan ere, bere existentzia berak Euskal Herria borrokalariaren ideia deuseztatzen du. Euskal Herriaren eta langileriaren askapena helburu duen proiektua, erreakzionarioa den espainiar nazionalismoari kontrajarria baitago. San Mamesen Espainiako selekzioak jokatzea beraz, horretarako erabiliko da, Euskal Selekzioaren parte hartzea deuseztatua dirauen bitartean gainera.

Horregatik guztiagatik diogu kaltegarria dela Euskal Herriko langile klasearentzat Eurocopa hau. Eta Eurocopa hemen jokatzearen ardura hein handi batean Bilboko udaletxearena izanik, hemen bildu gara gaur. Apirilaren 19an UEFAren goi-bileran azken erabakia hartuko dela jakitun, Eurocopa Bilbon jokatu ez dadin Bilboko udaletxeak eta Bizkaiko diputazioak beraien esku dagoen guztia egin dezaten exijitzen dugu.

Guk, gure aldetik, borrokan jarraituko dugu. Horretarako, apirilaren 10ean manifestazio nazionala egingo dugu San Mames futbol zelaitik abiatuta, goizeko 12etan.

 

Etiquetas: