Ezinbestekoa da migrazio politikak goitik behera iraultzea

EH Bilduko ordezkariak Irungo Harrera Sareak deitutako elkarretaratzean. Argazkia: EH Bildu.

Irungo EH Bildu.-Igandean, migratzaile bat Bidasoa ibaian itota hil zen, frantziar eta espainiar estatuek inposatu diguten muga igerian pasa nahiean. Beste ezer baino lehen gure elkartasuna eta gure beroa erakutsi nahi diegu hildakoaren gertukoei.

Oraindik ofizialki ez dakigu ez bere izena ez berari buruzko beste daturik ere baina argi dugu ez dela zenbaki bat. Izena eta abizenak dituen pertsona bat da, bere bizi-proiektua baldintza duinetan garatu nahiean Bidasoan ito dena. Drama humano larria da, edonondik begiratuta ere.

Tamalez ez da lehen kasua eta gizarte bezala ezin dugu horrelakorik onartu. Europako mugek lotsa ematen dute eta drama hauekin amaitzeko ezinbestekoa da egungo migrazio politikak goitik behera iraultzea. Migratzea giza eskubidea baita.

Izan ere, espainiar eta frantziar estatuek, pandemiaren aitzakipean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ezarri duten hormaren ondorioz berez zaila den migratzaileen egoera are gehiago gogortu da, bazterkeria eta indarkeria kasu larriekin.

Hala, EH Bildun argi daukagu instituzioek behingoz, beste alde batera begiratzeari utzi eta lanean hasi behar dutela. Ez da nahikoa migratzaileei aterpe ematearekin (sarri ulertezinak diren irizpide burokratikoekin), ezinbestekoa da instituzio bakoitzak bere esparruan migrazio politika hauek goitik behera aldatzeko lan egitea. Gai honetan ardura nagusia duten espainiar eta frantziar gobernutik hasita Irungo udaleraino, tartean Lakuako gobernua eta Gipuzkoako Aldundia daudela.

Ezin dugu Bidasoa ibaia hilobi izatea onartu, ez dugu urratutako beste bizi-proiekturik nahi. Urgentea eta atzeraezina da instituzioen erantzun egokia. Eta badute nondik ikasi. Zentzu honetan ez ditugu lerro hauek amaitu nahi Irungo Harrera Sareko kideek egunero-egunero egiten duten lan eskerga txalotu eta eskertu gabe: babesa, laguntza, gertutasuna, azken finean gizatasuna, eskaintzen dizkiete bidai luze, gogor eta zail baten ostean Irunera iristen direnei. Horrela, beraiei esker, Irun benetako harrera herria izatetik gertuago dago.

Etiquetas: