Itxialdiak pobrezia areagotu eta laguntzak gutxitu ditu

notequedes.png

Espazio fisiko zein birtual gisa definitzen du bere burua Erletxeak. Bertan, egoera larrian dauden pertsonei arreta eta informazio zerbitzua eskaintzen diete.

bidasoa.hitza.eus. Alaine Aranburu.- Aurrez aurre laguntza eskaintzetik, era telematikoan laguntzera pasa ziren, barne antolakuntza eraldatuz. Aldaketa ez zen iraultzailea izan, konfinamendua hasi aurretik jada mezularitza aplikazio baten bidez elkar komunikatzen zirelako eta behin itxialdia amaitu zenean, espazioa berriz ireki zutelako. Erletxearen jardunari buruz hitz egin du HITZA-k Ruth L.Herrero eta Marioekin.

Martxoan udalak giza larritasun irizpideak aldatu zituenean, egoera korapilatzen hasi zen: adinekoak, bakarrik daudenak eta gaixo daudenak hartzen ziren zaurgarritzat. Era horretara, hainbat pertsonak baliabide publikoak jasotzeko eskubidea galdu zuten, eta gainera, ezin zen etxetik irten ezta erosketak egitera joan. Herreroren esanetan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarik gabe zeuden pertsonak izan ziren kaltetuenak irizpide aldaketa hauek medio.

Irungo Udalari presioa egiten hasi ziren laguntzak eskatzeko asmoz. Sare sozialetan arreta zerbitzuetara hots egiteko deia egin zuten, elikagaiak eman edota argindarra ordaindu ahal izateko babesa eskatuz.

Zerbitzu horiek jasotzen zituzten pertsonek Erletxeari adierazi zioten, estutasun handiko momentuak bizi izan zituztela, lanik gabe geratu zirelako, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen diru laguntza berandu jaso zutelako, edota DBE jaso ahal izateko murrizketak egon zirelako.

Prozesu honetan bien ustez, ezinbestekoa izan zen Irungo Harrera Sarea, Gurutze Gorria edo Kaleratzeak Stop plataformekin egindako elkarlana.

Udalak giza larritasun irizpideak aldatzean, egoera korapilatzen hasi zen

Diazek azaldu du, modu telematikoan laguntza jasotzeko propaganda egin zutela erakundeek, zerbitzu hori eskaintzeko inbertsiorik egin gabe. Gaineratu du, pertsona guztiek ez dituztela baliabide eta gaitasun berdinak,l eta beraz, Interneta ordaintzea izapide batzuk egiteko ezinbestekoa zenez, zerbitzua gizartearen zati bati bakarrik zuzenduta zegoela azaldu du. Erletzeko kideak Internet bidez egin beharreko erabiltzaileen tramiteak egiten aritu ziren euren etxetik.

Itxialdia amaitzerakoan erakundeekin harremanak berreskuratzen saiatu ziren, eta une jakin batean nola lagundu edo presioa nola egin aztertu zuten.

Etxebizitza da euren ustetan arazo nagusiena, garestien dagoen eskubidea delako. Aldi berean, badira zorrak biltzen ari den asko eta asko, eta ezin ordaindu honek egoera larritu egiten du, “Arrisku egoeran egoteko zorian zeudenak, arrisku egoeran daude jada”. Haien ustez, aurreko krisia ez zen gainditu, eta larritasunak dimentsio handiagoa hartu du orain. Irtenbide eza eta eskubide murrizketak salatu dituzte.

Erakundeek ikuspegiak zabaltzea eta gizartearen babesa eskatu du Herrerok. Adibide gisa esan du, koronabirusaren kutsadurekin bezala gertatzen dela gizarte bazterkeriarekin, batzuek errua indibiduala dela esaten dute, erantzukizun publiko handia dagoenean.

Etiquetas: