Bidasoaldeko baso-suteen inguruko ikerketa hasi du Gipuzkoako Fiskaltzak, Eguzkik eskatuta

Incendio

EGUZKI Talde Ekologista eta Antinuklearra.- Bidasoaldean otsailaren 20an eta 21ean izandako baso-suteak ikertzeko eginbide edo diligentziak abiatzea erabaki du Gipuzkoako Fiskaltzak, ustezko delitu baten ondorio izan zitezkeela iritzita.

Fiskaltzak erabakia hartu du Eguzkik aurkeztutako salaketa bati eta Aldundiak eginiko txosten bati erreparatuta.

Hainbat alkatek eta kargu publikok adierazi bezala, nahiko zantzu daude Nafarroan, Gipuzkoan eta Lapurdin ia 2.000 hektarea kixkali zituzten sute haiek nahita piztutakoak izan zirela pentsatzeko. Are gehiago, udalerri lapurtarrek dagoeneko bide penalari ekin diote.

Kixkalitako eremu gehienek bi ezaugarri komun dituzte: publikotasuna eta abeltzaintza. Horra ikerketa-bide ba.

Nolanahi ere, XXI. mendeko Euskal Herrian, mendiari su emateko praktika neolitikoak ohikoa izaten jarraitzen du.

Honelako suteek sekulako kaltea egiten diote bioaniztasunari. Adierazgarria da otsailekoetan gehien sufritu zuten lekuen artean Natura 2000 sareko hiru Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) egotea, zehatz-mehatz, Larrun eta Xoldokogaina, Bidasoa ibaia eta Aiako Harria.

Etiquetas: