Bidasoko EH Bildu ospitaleko ebakuntza-geletan egin nahi diren obrak direla-eta

irudia

Bidasoko EH Bildu.- Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko ebakuntza-geletan egin nahi diren obrei dagokienez, Bidasoko EH Bilduk honako hau adierazi nahi du.

  • EH Bildu kalitatezko osasun-sistema publiko baten alde ari da lanean, herritarrei berme guztiekin arreta emateko.

  • EAEko osasun-sistema publikoaren egoerak kezkatu egiten gaitu, izan ere, sistema horrek okerrera egin du pixkanaka azken urteetan, eta honek eragin negatiboa izan du eska daitezkeen kalitate-irizpideetan.

  • Osasun publikoko sistema bere osotasunean antolatu eta planifikatu behar dela ulertzen dugu, asistentzia-maila guztiak kontuan hartuta, eta lehen mailako arretan atentzio berezia jarrita, hots, pazienteek osasun-sistemarekin duten sarreran eta lehen kontaktuan. Horri dagokionez, adierazi behar da, politika negargarrien ondorioz, lehen maila hori egoera tamalgarrian dagoela, politika horiek ez baitute honen garrantzia ondo baloratu ezta aintzat hartu ere.

  • Bidasoko Eskualdeko Ospitalean egin nahi denari buruzko informazio zehatza eskatzen dugu. Informazio horrek argitu beharko du eskualdean, maila guztietan (lehen mailako arreta, arreta espezializatua eta ospitalekoa) osasun mailan planifikatzen dena, eta baita eskainiko diren zerbitzuak eta nongo biztanleei zuzenduko zaien ere. Era berean, zein azpiegitura berri aurreikusten diren, eta egungoak hobetzeko zein plan dagoen argitu beharko du.

  • Ulertzen dugu Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko ebakuntza-geletako obrek dagoeneko zaharkituta dauden azpiegiturak hobetzeko beharrari erantzuten diotela, eta, jakina, azpiegitura horiek berrikuntza beharra dutela partekatzen dugu. Baina obra horiek funtsezko hiru baldintza bete behar dituzte:
    • Herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean eraginik ez izatea.
    • Sortuko diren eraginak langileekin adostea.
    • Eskualdeko osasun-laguntza guztia hobetzeko plan baten barruan egotea, lehen mailako arreta hobetzeko beharra azpimarratuz eta espezializatua eta ospitalekoa ahaztu gabe.



Etiquetas: