Irungo EH Bildu.- Joan den astean ezagutu zenez, Irungo adineko bikote bat kaleratze arriskuan dago. Bikoteak, egoerak hala behartuta, banketxe baten esku utzi zuen bere etxebizitza orain hiru urte, bertan bizitzen jarraitu ahal izateko alokairu kontratua sinatuz. Orain baina, banketxeak kontratua ez berritzea erabaki du, bi irundarrak etxegabetze arriskuan utzita. Duela aste gutxi batzuk, Irunen ere, 80 urteko emakume bat etxetik kaleratua izan zen, alokairua ordaindu ezin zuelako, eta beste hainbatek ere bere etxetik botatzeko agindua jaso dute.
Aipatutakoak, tamalez, ez dira salbuespenak, ez dira kasu isolatuak. Irungo EH Bildun hilabeteak daramatzagu etxebizitza duina izateko eskubidea politika publikoen erdigunean jarri behar dela aldarrikatzen, are gehiago koronabirusaren pandemiak areagotu duen krisi garai honetan.
Irungo udalak kaleratze arriskuan den bikotearen eta banketxearen artean bitartekari lanak egingo dituela ezagutzera eman du. Irungo EH Bildutik bitartekaritza lan hori begi onez ikusten badugu ere, argi dugu udala ezin dela horretara mugatu. Udalak kaleratzei aurre egiteko plan integral bat egin behar du. Muturreko egoerak eman aurretik kasuak aurreikusi eta bere eskumen guztiak baliatuz eta gainerako erakundeen aurrean beharrezkoak diren kudeaketak eginez, egoera ezberdinei irtenbide egokia bilatu behar die.
Duela hilabete eta erdi sinatu zen ustezko gobernu akordio aurrerakoia Irunen. Orduan esan genuen ezkerreko politikak egiteko ez zuela balio eta zoritxarrez azken egunetan bizitako honek hori berresten du.
2020 urtean udal gobernuarekin lortu genuen aurrekontu akordioak etxebizitza zuen ardatz. Bertan aldarrikatzen genuen, eta orain aldarrikapen horrek inoiz baino zentzu gehiagorik badu, udalak etxegabetze kasu hauetarako etxeak izan ditzan eta etxebizitza hutsen benetako kudeaketa egin dezan, Irunen inork kalean lo egin ez dezan. EH Bildun beti argi eta garbi izan dugu etxea bizitza duina egiteko oinarria dela, eta hori gure erronka nagusiena izango da.
- Egutegia
- 464 irakurketak
- Castellano