Irun eta Hendaia artean hainbat migratzailerentzako pasabide segurua bermatu du LABek mobilizazio baten testuinguruan

Migranteen aldeko LABen manifestazioa

Ekintza Sozialeko Komunitatearen lehen ekintzak LAB Sindikatua.- LABen Ekintza Sozialeko Komunitateak topaketak eta ekintzak egin ditu gaur Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoatik Lapurdira. Ekintza nagusia, lrun eta Hendaia lotu dituen mobilizazioa izan da, “Mugak apurtu, zubiak eraiki” lemarekin egin duguna. Horrela, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubia zeharkatu dugu, egunero muga hau baldintzarik okerrenetan igarotzen duten langile migranteen errealitatea salatzeko.

Muga arriskutsua bada, aplikatzen zaion salbuespen polizial eta politikoagatik dela erakutsi dugu eta hainbat migratzailek muga modu duin eta seguruan zeharkatzea ahalbidetu dugu mobilizazioaren bidez. Garaia da bizitzari mugak ireki eta kapital anker eta esplotatzaileari ezartzeko. Atarrabian, supermerkatu handi batean trantsizio ekosozialistaren aldeko aldarrikapena egin dugu. Kapitalismo berdearen ameskeriaren aurrean, sozialki eta ekologikoki jasangarria izango den trantsizioaren alde agertu gara, eta egungo kontsumo eredua zalantzan jartzeko hainbat produktuen jatorria eta ekoizpen eredu kaltegarria salatu ditugu. Hala, apaletan dituzten iruzurrezko produktuak etiketatu ditugu. Basaurin, berriz, manifestazio ekintzailea egin dugu. Pozokoetxe plazatik hasita, aste honetan bertan izandako eraso homofoboa salatu, pentsiodunekin batera banketxeetako arreta eredua Kritikatu, herriko anbulategiko errealitatean arreta jarri eta gazte mugienduarekin batera etxebizitzaren espekulazioa gaitsetzi ditugu ehunka lagunek hainbat ekimenen bidez. Gaurko ekintza hauez gain, ostegunean Gasteizen bildu ginen. Simon Bolibar parkean, gerrilla komunikatiboaren bidez, langile klasearen aniztasuna aldarrikatu eta balioan jarri dugu, homogenizazio eta diskurtso faxisten aurrean propaganda ekimen erraldoia eginda. Topaketaren ostean, mural koloretsu bat osatu genuen, "Herri anitza eta batua inoiz ez garaitua" leloarekin.

Ekintza Sozialeko Komunitatea

LABek Ekintza Sozialeko Komunitateko kide izateko izen ematea zabaldu zuen duela aste batzuk, “Lantokitik herrira! eraldaketarako tresna” goiburupean. lbilbide berri honen baitan lehen geltokia gaur aipatu lau herrietan egindako topaketak izan dira. Lehen elkargune bat izateko antolatu ditugu, komunitatea nolakoa izango den eta zertan jardungo duen definitzeko bidean. Hala, topaketetan parte hartutako herritarren parte hartzea oso aberasgarria izan da, eta edukiz bete dugu erronka. Etxegabetzeak, AHT-a, erraustegia eta pribatizazio oro ukatzeko; patriarkatua irauli, sexu disidentzia praktikatu eta eguneroko burujabetza txikiak elikatzeko; gerrak eta inperialismoa salatu eta errefuxiatuekin elkartasuna antolatzeko; gazteon prekaritateari aurre egin eta pentsio duinen alde mobilizatzeko... Ekintza Sozialeko Komunitateak hainbat helbururekin egingo du lan, eta, topaketetan azaldu bezala, bi eremutan parte hartu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek:

  • Ekintza sozialeko sarean: informazioa jasotzeko, Ekintza Sozialeko Komunitatearen ekimen eta kanpainen berri izan eta haietan parte hartzeko.
  • Ekintza sozialeko arloak: lan-lerro jakin bat (jatorri aniztasuna, etxebizitza eskubidea, ekologismoa...) landu eta garatzeko herrialdeetako elkarguneak antolatzeko.

LAB sindikatuko kideak beti saiatu gara langileon alboan egoten eta herritar ororen eskubideen defentsan antolatzen; lantokietan noski, baina baita herri, auzo eta kalean ere. Txikitik, tokian toki eta egunero eragiten ari garen komunitate handi bat gara, eta horretan sakonduko dugu Ekintza Sozialeko Komunitatearekin.

Gogoeta eta ekintza, elkar lotuta

Bizitza vs kapitala. Horrela ezaugarritu dugu LAB sindikatuan egungo dominazio sistemak klase borrokan hartutako forma. Horregatik, langileon lan baldintzak borrokatzera mugatzeak alternatiba ez nahiko gisa ulertzen dugu. Hau da, langileon bizi baldintzen aldeko jarduna egitea ezinbestekoa da. Gauzak horrela, hainbat erabaki politiko eta organizatibo garatu ditugu azken urteetan, sindikalgintza birpentsatu, eraberritu eta bizi dugun testuinguruan eraginkorrak izateko helburuarekin. Ostegunean eta gaur Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan egin ditugun topaketetan, sindikatuak eremu sozialean esku hartzeko tresna berri baten abiapuntua jarri dugu: Ekintza Sozialeko komunitatea. LABen sorreratik gure ADN-an daramagun sindikalgintza soziopolitikoa eraberritu eta eraginkortzeko apustua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Gure afiliazio guztiari espazio organizatibo berria eskaini eta gure gihar militantea indartzeko bokazioarekin jaio da Ekintza Sozialeko Komunitatea. Lantokietatik herrira, gure bulkada eraldatzailea hedatzeko helburuari heldu diogu. Herrialdeka antolatu ditugu lau topaketa. Eta gaur, lehen oinarria jarri dugu, komunitatearen ¡zaeraz, egitekoez eta antolaketa formaz elkarrekin gogoetatzeko tartea hartuz. Oso emankorra izan den ariketa egin dugu, datorren ikasturtean martxan jartzeko oinarri sendoak ezarriz. Topaketan gogoeta eta ekintza elkarlotzeko erabakia ere hartu dugu. Gure komunitatea praktikan eraikiko dugula uste dugulako, Ekintza Sozialeko komunitatea horretarako antolatzen ari garelako: Bizi dugun testuinguru sozialean eragiteko.

Etiquetas: