2021-2022 ikasturtea: Lankidetza, eta Kultura eta Euskara kalera

ZiztaKA

ZiztaKA.- 150 pertsonen artean buruturiko prozesuaren ostean ondutako proposamena aurkeztera goaz hiriko eragile, elkarte zein udal alderdiei. KULTURAKADAren bidez Euskara eta Kultura kalean aldarrikatzen jarraituko dugularik.

Irunen euskara eta kultura indartzeko tresna estrategikoa izango den espazio baten beharra eta aukera dugu. Eta hori egi bihurtzeko lanean gabiltzan taldea gara ZiztaKA.

Hirugarren ikasturtea dugu hau, eta inoiz baino gogotsuago gatoz; gure ideiak, proposamenak eta bidea zuekin elkarbanatzeko irrikan!

Aurreko ¡kasturtearen zati handi bat ideia hau partekatzen eman dugu. Kultur zein euskalgintzako eragileekin batzartu gara. Kultur munduko artista eta norbanakoekin ere egon gara. Gaikako bilkura ezberdinak burutu ditugu proiektuari ekarpenak egiteko ateak zabalduz. 2021ean 2 foro handi egin genituen, bietan 50 pertsonatik gorak hartu zuten parte. Finean, prozesu parte hartzaile zabal bat burutu genuen. 150 pertsona baino gehiago ukitu dituen prozesu herritarra. Emaitza? Hipotesia berretsi genuen eta proiektu planteamendua hobetzeaz gain, hau errealitate bilakatzeko oinarri hiritarra ehuntzen hasi ginen.

Horrez gain, pasa den ikasturtea jaialdi batekin itxi ahal izan genuen, kultura berriro ere plazara, kalera ateraz. Musikaz, bertsoz, dantzaz eta artisautzaz gozatzeko aukera izan genuen Ziztaka egunean.

Aurten aldiz erronka handiagoa dugu eskuartean, kultura bizirik nahi dugulako, bizirik eta euskaraz.

Bi bide jorratuko ditugu batez ere. Alde batetik aurretik hasiriko harreman eta bilkurekin jarraituko dugu, eta bestetik, nola ez, espazioaren beharra aldarrikatzen jarraituko dugu kalean.

HARREMAN BIRA

Horren guztiaren emaitza da gaur hemen aurkezten dugun txostena. Oso aberatsa izan den prozesua orri gutxira ekartzen duen testu ahalegina. Bertan jaso dira

  • Irunen Kafe Antzoki baten behar eta aukeren justifikazioa

  • Proiektu hori lantzen jarraitzeko ezaugarri nagusiak aipatu prozesuan ebatzi bezala

Baina ez hori bakarrik. Hasiera-hasieratik, Ziztaka-tik argi izan dugu: Kafe Antzokia Irunentzako proiektu bat da, irundar guztiei zabalik eta irundar guztien onura duena xede. Hori horrela izanik, interes sozialeko eta irabazi asmorik gabeko proiektua izaki, egokiena udalarekin kolaborazioan lan egitea dela uste izan dugu hasiera hasieratik. Honela, txostenak lankidetzarako proposamen zehatz bat ere jasoko du.

Hau honela, hurrengo hilabeteetan Ziztaka-ko harreman lan-taldeak, prozesu parte hartzaile horren ondorio den Proposamen Txosten hau partekatzeko erantzukizuna hartu du. Eta honezkero horretan ari da. 3 xede talderekin lan eginez, hasiera batean:

  • Aurreko ikasturtean ehunduriko sareko eragileak: Proposamena helarazi diegu, nola ez

  • Auzo Elkarteak: Ezinbestekotzat jotzen dugu Irungo auzoetan proposamena barreiatu, auzoetatik ekarpenak jaso eta babesak biltzen jarraitzea

  • Udalean ordezkaritza duten alderdiak: Alderdiekin bi botetan burutu nahi dugun erronda abiatu dugu. Lehenean proposamena aurkezteko ahalegina egingo dugu. Bigarrenean lankidetza proposamenaren aurrean, beren erantzuna jasoko dugu. Baiezko erantzunak, gure aburuz, lankidetzarako esparru zabala irekiko du, euskara-kulturaren etxea izango den espazio irundar hau hauspotuz. Gure borondatea da harreman bira publikoa izatea, eta, noski, emaitzak komunikatzen joango gara ditugun tresna ezberdinak erabiliaz (sare sozialak, posta...). Esan gabe doa, inork gurekin bildu nahiko balu, gustura asko batzartuko garela.

KALE EKIMENAK

Kulturak badu tokia kalean, baina kulturak ez luke behar nahita nahi ez kalean. Kulturak espazioa behar du, espazio propioa. Euskarak ere bai. Eta guk argi dugu bi ideía horiek ardatz izango dituen espazioa behar dugula.

Aurten, gabezia horiek plazaratzeko egitarau zabal eta askotarikoa prestatzeko erronka hartu dugu. Hainbat kultur sorkuntza arlo landuko dituen egitaraua: KULTURAKADA!

Urtarriletik apirilera hilabetero ekitaldi bat eskainiko dugu, kultura berriro ere Kaleetara zabalduz, agerian gera dadin, beste tokirik ez dugula. Antzerkia, arte plastikoa, literatura eta bertsolaritza izango ditugu oraingoan aukeratutako formatuak. Herritar orori zuzendutako egitaraua izango da, kolorez eta euskaraz blaituta!

Ekitaldi bakoitzaren informazioa gure sareetan zabalduko dugu; tokia, ordua, parte hartzaileak... pixkanaka argitaratuko ditugu gure kontuetan:

@ziztaka_irun Instagramen eta Ziztaka Irun Facebooken.

Bertan izan ahalko duzue gure berri. KULTURAKADAN euskaraz eta kulturaz blai elkar ikusiko dugulakoan, egin ZIZTA!

Norbaitek aipaturiko txostena eskuratu nahiko balu, gurekin harremanetan jar dadila.

Etiquetas: