Abotsanitzek aireportuko errepideko bidegorria mahai gainean jarriko du

Sagarzazu seme kuttun

Oposizioko lehen udal taldeak hiru mozio aurkeztu ditu osteguneko plenoan eztabaidatzeko

Abotsanitz Udal Taldea.- Abotsanitz Udal Taldeak hiru mozio erregistratu ditu osteguneko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Lehenengoa udal-ondareari buruzkoa da.

Aurretik formalki eskatu izan arren udal gobernuaren erantzunik jaso ez duenez, mozio bidez eskatuko du Ondare eta Eskubideen Udal Inbentarioa ezagutaraztea, bai Udalarena, bai Hondarribia Lantzen eta Arma Plaza Fundazioarena. Era berean, Inbentario horretan azken urteetan izandako aldaketen berri emateko eskatuko du ere.

Bigarren mozioa memoria historikoari buruzkoa da. Eusko Jaurlaritzak onartutako eta Eusko Legebiltzarrak berretsi behar duen Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legea aplikatuz, Pedro Muguruza arkitekto frankistari adopzio-seme izendapena eta bi diktaduretan alkate izandako Francisco Sagarzazuri seme-kuttun izendapena kentzeko eskatuko du. Horrez gain, bien omeneko oroitarriak ezabatzea eta Sagarzazuren izena daraman parkeari izena aldatzeko parte hartze prozesua abiatzeko eskatuko du Abotsanitzek bigarren mozioaren bitartez.

Eta hirugarrenaren bidez, Hondarribiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari aireportuko errepideko bidegorri tartea egiteko eskatzea nahi du Abotsanitz Udal Taldeak. Orain urte batzuk Jaitzubia eta Amute arteko zatia egin eta gero, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sareko 1. Ibilbidearen Hondarribiko zatia osatzeko falta den tartea da aireportuko errepidekoa. Abotsanitzek uste du tarte hori estrategikoa dela erosotasun, segurtasun eta planeamendu aldetik, eta Hondarribiari mesede handia egingo liokeela.

Etiquetas: