Osasun plataformak eskerrak eman dizkie joan den larunbatean manifestazioan izan zirenei

Manifestación SOS Quirófanos

Osasun Bidasoa Plataforma.- Osasun Bidasoa Plataformatik eskerrak eman nahi dizkizuegu Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko Osakidetzaren proiektuaren aurka gaudela adierazteko larunbatean deitutako manifestaziora Bidasoa eskualde osotik joan zineten milaka lagunoi. Proiektu horrek ez ditu jasotzen ospitaleak datozen hamarkadetarako behar dituen baliabide tekniko eta sanitarioak, eta ez du bermatzen arreta mediko eta kirurgiko eraginkorrik obrek irauten duten bitartean.

Espero dugu gaitzespen-adierazpen horrek balio izatea, oraindik aktibo dirauen sinadura-bilketarekin batera, gure buruzagiek norabidea zuzendu eta erreakzionatu dezaten.

Horregatik guztiagatik, proiektuaren lizitazioak gelditzeko eta eskualdeko agente guztiekin mahai bat irekitzeko eskatzen dugu. Izan ere, kontziente gara ebakuntza-gelak berritzearen beharraz, baina behar horri ahalik eta irtenbiderik onena eman behar zaio.

Era berean, borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi nahi dugu, arduradunek herritarren eskaerak entzun eta erantzun arte. Joan den astean Irungo Udaleko bozeramaileen batzordearekin bildu ginen eta aste honetan gauza bera egingo dugu Hondarribikoarekin; Bortzirietako udalekin ere harremanetan gaude (Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza eta Etxalar). Halaber, ostiralero, 12:00etan, Eskualdeko Ospitaleko profesionalek antolatzen dituzten protestak babesten jarraitzen dugu, eta herritarrei deia luzatu nahi diegu, protestetara batu daitezen.

Bukatzeko, laster emango ditugu ezagutzera gure aldarrikapenak lortzeko bidean emango ditugun hurrengo urratsak.

KIROFANOAK EZ ITXI!!
GURE OSASUNAREN ALDE
HANDITU, BERRITU, HOBETU

Etiquetas: