Bidasoko EH Bilduk azaroaren 20an Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatzen du

Irun Hondarribiko Zinegotziak

EH Bildu Bidasoa.- Datorren azaroaren 20an, euskal independentistok hitzordu garrantzitsua dugu Bilboko kaleetan. Ez da edozein data, ezta edozein mobilizazio. Helburu politiko argia duen ekimen politikoa da: estrategia independentistak bere gaitasun mobilizatzailea berreskuratzea, eta jarduera instituzionalaren gehigarri bilakatzea.

Gaurko egunez baieztatu dezakegu, gure herriak Konstituzio Espainolari ezezko argia eman zionetik hamarkadak igaro diren arren, Espainiar Estatuko eztabaida politikoa garai konstituziogilean emandakoaren antzeko parametroetan kokatzen dela: autodeterminazioa, preso politikoen askatasuna eta eredu soziala. Bizitzen ari garen momentu historikoaz jabetu eta ezkerreko independentismoak mobilizazio sozialerako izan duen indarra eta sendotasuna berreskuratu behar ditugu.

Materia sozialeko akordioak betetzea (erreforma laborala), ohiko izaerako espetxe-politika areagotzea edota gure herriak nazio-eskubideen arloan aurrerapauso kualitatiboak emateko benetako pultsu bat garatzea, lan instituzionalarekin soilik gainditu ezin daitezken erronkak dira. Instituzioetan adostu ditzakegun akordioekin soilik ez dugu lortuko. Kaleak hartzea, espazio herritarrak okupatzea beharrezkoa da. Aurrera egiteko baldintzak sortu ditugu, orain, eskura ditugun baliabide guztiak behar ditugu baldintza horiek gure herriarentzako aurrerapauso bilakatzeko.

Azaroaren 20a ez da egutegiko edozein data. Eta gure A-20ko mobilizazioa ez da manifestazio bat gehiago izango. A-20a Franco hil zen eguna izan zen, baina gaur egun, frankismoa eroso ikusten dugu Estatuaren botere organoetan ezarrita. Santi eta Josu ere hil zituzten Estatuaren terrorismoaren bidez, egun oraindik aitortu ez duten estatu terrorismo bera. Horregatik, Bilbokoa ere memoria eta iragana izango da. Etorkizunaren alde borroka egitea, memoria ariketarik sendoena delako.

A-20ko mobilizazioa konpromiso indibidual eta kolektiboen ariketa bat izango da. Konpromisoa gure komunitatean sustraituta dagoen balore nagusietako bat da. Berari esker heldu gara honaino, eta hala jarraituko dugu aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte. Gure burujabetzaren alde, aberastasunaren birbanaketa justu baten alde eta presoen askatasunaren alde. Gure sendotasuna erakusteko garaia da. Bilboko kaleak betetzeko garaia da.

Hain mobilizazio garrantzitsua izanda, Bidasoko EH Bilduk Bilbora joateko deialdi berezia luzatzen du, eta horretarako autobusa antolatu du. Autobusa 15:15ean irtengo da Hondarribitik (Miramar), 15:30ean Irundik (Bisera) eta 15:40an Landetxatik. Izena emateko irun@ehbildu.eus-era idatzi behar da, geltokia adieraziz.

Etiquetas: