Emakumeen aztarnak Hondarribian proiektuaren aurkezpena

imagen

Parean Berdintasun elkartea.- Hondarribiko historia pertsonaia ospetsuz beteta dago: erregeak, militarrak, elizgizonak, artistak. Velazquez margolari famatua ere gure kaleetatik ibili zen. Baina non dira emakumeak Hondarribiaren historiaren bilakaeran? Ez al zuten gertakari garrantzitsuenetan parte hartu?

Historiaren joan etorrian ahaztuenak emakumeak izan gara beti. Orain gutxi arte, ez dugu kargu publikorik bete, ezta karrera politiko edo militarrik ere, eta horrek iturri historikoetan izen femeninorik ez egotea azaltzen du, emakumeak gizateriaren erdia izan arren.

Emakumeen aztarnak Hondarribian proiektuarekin emakumeek herri honen historiari egindako ekarpena gogora ekarri eta goraipatu nahi dugu. Parean elkarteak sustatuta eta Maria José Noain Maura historialariaren eta Andrea Villamor Sanchez ilustratzailearen laguntzarekin egin dugu Hondarribian barrena doan ibilaldi hau.

Ilustrazioak, audioak, eta testuak harilkatuz hamar emakumeren biografia ezagutzeko aukera izango duzue bertan. Hamar emakume hauek gai sorta bat azaldu nahian aukeratuak izan dira. Sorginkeriaz, merkataritzaz, botereaz, arrantzaz, arteaz edota gerraz arituko gara, beti ere emakumeen ekarpenetik. Emakume bakoitza gainera, hirigune historikoko puntu bati lotuta agertzen da, emakumearen historia pertsonala indartuz batetik, eta oinez egin daitekeen paseo eder bat sortuz.

Paseo birtuala, audioz, ilustrazioz, testuz eta PDFz osatua dagoena, Parean.eus web orrian eta etengabe egongo da ikusgai. Nahi duenak, nahi duenean paseoa ikusi eta bere kaxa egiteko. Herriko eskolekin ere harremanetan jarri gara, proiektua ezagutu eta balia dezaten.

Baina, datorren AZAROAREN 27an, larunbatean, Maria José Noain Maurak gidatuta Emakumeen aztarnak Hondarribian paseo herritarra egingo dugu. Ibilaldia 11.00tan abiatuko da Arma Plazatik, dohainekoa izango da, baina parte hartzeko izena eman beharra dago, kopurua mugatua da-eta. Izena emateko parean.eus web orrian Emakumeen aztarnak Hondarribian atalean edo helbide honetan aurkituko duzu izen emateko orria.

Emakumeen aztarnak Hondarribian proiektuan ageri diren protagonistak:

  • María Teresa Austriakoa. Emakumeak eta ezkontza.
  • Hélène Feillet. Emakumeak eta bidaiak
  • Juana Mugarrieta. Emakumeak eta gerra.
  • Inesa Gaxen. Emakumeak eta sorginkeria
  • Katalina Gijongoa. Emakumeak eta itsasoa.
  • Margaret Jordan Patterson. Emakumeak eta artea.
  • Justizeko neska. Emakumeak eta sedukzioa.
  • katalina Alkizakoa. Emakumeak eta merkataritza.
  • Joana Gaztelakoa. Emakumeak eta boterea.
  • Graciana Lizarraga. Emakumeak eta indarkeria.

Etiquetas: