Sortu Irun.- Honezkero, urtebete igaro da itxialdia legez ezarri zutenetik. Gure belaunaldiak esperientzia bortxatu, ezinegon nabarmen eta ziurgabetasun handiko une bailara bizi behar izan du urte bakar batean. Aurretik ere egoera aproposa izan ez, eta izurritearen krisiak bortizki kolpatu gintuen -eta oraindik ere kolpatzen gaitu-. Supituki konturatu ginen gure bizitza arautzeko gaitasuna duen estatu botere zentralista batean bizi garela.
Itxialdiarekin ere jabetu ginen funtsezko beharrak asetzeko ezintasuna duen merkatu sistema batean bizi garela, eta, bistan da, horrek asaldura kolektibo nabaria eragin zuela; oraindik gogoan dauzkagu larritasun uneak eraginda supermerkatuetan ikusi genituen irudiak.
Jakina, ezohiko gertaerei ohiko politikarekin erantzungo zietela ere laster argitu zen. Tamalgarria. Arantxa Tapia osasun publikoarentzako lehen mailako arriskua zela deskubritu genuen “industry must go on!” leloa bere egin zuenean. Badaezpada, ekonomia sailburuak balkoiko txalo zaparradak ekidin zituen “kutsatzeko arriskua zegoela-eta”. Horren modan dagoen memegintzan, sortzaile batek “Joan zaitez zu lanera; ni balkoira ere ez naiz irtengo” esaldiarekin laburbildu zuen distopia hura. Bitartean, langileok nozitu genituen merkatu sistema honen morroi diren Eusko Jaurlaritzako politikarien eta Ertzaintzaren zaunkak, purrustadak eta oldarraldiak.
Administrazioak onartezinak diren interesen eraginez egin dituen politikek samina zabaldu zuten Euskal Herriko etxeetan eta sare sozialak borborka hasi ziren EITBren jarrera otzanaren aurrean. Kaleak hartu ezin zirelarik, miresmen keinuak baino ezin izan genituen egin egoera aurka zeukaten langileekiko. Urteetan zehar txikitu duten osasun sistema publikoko langileen, merkataritzako langileen, zaintzaren munduko langileen, eta, orobat, ezinbesteko zerbitzua eskaintzen duten langile profesionalen lanaren lekuko izan ginen. Bizitzaren sustengurako ezinbestekoa den borrokan jardun ziren horien lan txalogarriari esker aurre egin genion izurritearen erasoari. Esker ona adierazi genien, jakitun, baliabiderik gabe, behar baino langile gutxiagorekin eta segurtasunik gabe aritu zirela.
Pribatizazioak dakarren kaltea bistaratu zen hilabete horietan; beharraren aurrean negozioa lehenestea hain zuzen ere. Elkar zaintzeko sare herritarrak sortu genituen zaurgarrien ziren horien karga arintze aldera. Orduantxe ohartu ginen zaintzaileen sektorearen funtsezkotasunaz. Orduan deskubritu genuen zaintzaileen lan mundu prekarioak erroetara heltzeko moduko garroak dauzkala. Sektore feminizatuek nozitzen duten soldata arrakala, eskubide arrakala, genero bazterketa, aitortza eza eta abar amaigabea izanagatik ere, orduantxe jabetu ginen benetako heroiak kaparik gabekoak zirela, izen-abizena zutela, hezur-haragizkoak zirela eta emakume, nagusi, etorkin, proletario eta zaurgarriak zirela.
Bien bitartean, Urkulluk horren ozen aldarrikatzen duen autogobernua eta burujabetza iruzur handi bezain tristea dela ikusi ahal izan genuen. Baita Eusko Jaurlaritzak Eduardo Zubiaurre tiranoaren aginduak nola betetzen zituen ere. Eusko Jaurlaritzari izena aldatu eta Confebask deitu beharko geniokeela konturatu ginen. Kapitala bizitzaren gainetik nola jarri zuten ikusi genuen. Modu dramatikoan gainera; Euskal Autonomia Erkidegoa munduan heriotza tasarik handiena izan duen lurraldea da Belgikaren atzetik.
Hondamendi sozio-sanitario honen aurrean, batzuek patrika besterik begiratu ez duten neurrian, besteok haserrea pilatuz joan gara. Horrek eragina izan du, bistan da, ikasturtea hasi eta etengabeko mobilizazio uholdeen bidez. Jakina, Confebaskek ongien egiten dakiena baino ez du egin; zakurrak atera, eta Tatcherismoaren garai gogorrenetan bezalako errepresioa bultzatu. Gizarteak, baina, erabaki du. Aho batez adierazi du jasan duen oldarraldi neoliberalaren aurrean erresistentzia zikloak baino ez duela balio.
Gure hirian, Irunen, ederki ikusi dugu zein izan den erantzuna: Hezkuntza Plazara plataformak berebiziko lana egin du hezkuntza komunitatearen borrokan; Osasungintza Publikoaren aldeko borroka ziklo bi izan dira ikasturtea hasi denetik; pentsiodunen borrokak hiru urte bete dituen honetan, batzuek elkarretaratzeei muzin eginagatik astelehenero biltzen jarraitu dute hamaika herritarrek; zaintza sektoreen aitortzaren aldeko elkarretaratzeak antolatu dira; sistema heteropatriarkalaren aurka, zaintzaren gutxiespenaren aurrean eta zubi eta zubi guztien gainetik, emakumeen mundu martxak hasiera eta amaiera izan du gurean; Harrera Sareak sekulako lana burutu du errefuxiatuen eskubideen alde, eta Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak ere zer esan handia eman du.
Kapitalismo neoliberalaren erasoaren aurrean, kolapso garai honetan, Espainiaren porrot- estatuaren aurrean eta dominazio sistema patriarkalaren pitzatze gero eta nabariagoaren aurrean,
Irungo Sortu-tik uste dugu harro egon gintezkeela herriaren aldetik artikulatzen hasi den erantzunaz
Garai berri batean sartzen ari gara, eta erantzun horren ehuntzea hasi besterik ez da egin. Kolapso anti-sozialaren arrisku errealaren aurrean, herri burujabetza oinarri izango duen erantzun baikor bat artikulatu nahi badugu, momentua da borrokara inoiz baino kemen handiagoz engaiatzeko. Auzoz auzo, hirian eta Euskal Herrian.
Guk argi dugu, erdibiderik ez dugu onartzen. Kutsadura kolapsoaren aurrean, trantsizio ekologikoa; Autoritarismoaren aurrean, sakontze demokratikoa; heteropatriarkatuaren erasoaren aurrean, feminismoa; arrazismoaren aurrean, antifaxismoa; kapitalaren krisi amaigabearen aurrean klase borrokaz sozialismora.
Prest gaude gorroto eta maitasunez iraultza egiteko. Batu borrokara!
- Egutegia
- 587 irakurketak