EH Bilduren ekimenez, Udalak ikerketa abiatu du eskola kirolean nesken parte hartzea indartzeko

Ane Unanue EH Bildu

EH Bildu.- Irailarekin batera irungo haur eta gazteek ikasturte berriari ekin diote. Hasierako egun hauek kurtso berri batek dakartzan erronka eta helburu berriak ezagutzeko uneak dira, eta horrekin batera eskolaz kanpoko jardueretan ere pentsatzen hastekoak.

Jarduera hauen artean eskola kirolak garrantzia berezia dauka. Izan ere, euskaraz eskaintzen den progama honek irungo neska eta mutileei kirol desberdinak ezagutzeko eta praktikatzeko aukera ematen die, ongi pasatzeko eta gozatzeko helburuarekin betiere.

Tamalez neska eta kirola urruntzen dituen faktore asko ditugu oraindik ere gure gizartean eta eskola kirola ez da horretan salbuespena, gure eskualdean eskola kirolean izena ematen duten nesken kopurua benetan txikia baita. Errealitate hau urtez urte errepikatzen delarik.

Gure taldean argi daukagu udalak egoera aldatzeko lan egin behar duela, jarrera aktiboa izan behar du, behingoz, hitzetik ekintzetara pasata. Zentzu honetan lehen pauso bezala, uztailean egindako kreditu aldaketan EH Bilduk egindako proposamena onartu zen. Proposamen horretan eskola kirolean neskek duten parte hartze txikiaren arrazoiak aztertzea eskatzen genuen, eta horri esker udalak ikerketa abiatuko du egoeraren diagnosi egokia egiteko.

Ikerketa horren emaitzekin udal gobernuari bere esku dagoen guztia egiteko eskatuko dio Irungo EH Bilduk, hau da, egoera bideratzeko hartu beharreko neurri guztiak har ditzala. Izan ere, udalari dagokio Irungo neska bakoitzak kirolaz gozatzeko aukera duela bermatzea, gure harrobia beraiekin landu behar baitugu.

Urteetan luzatu den egoera aldatzeko benetako konpromisoa badu eta hori lortzeko buru-belarri lanean hasten bada, udal gobernuak Irungo EH Bilduren laguntza izango du. Sinetsita baikaude helburu hau lortzea ez dela soilik neskentzat onuragarria izango, gizarte bezala irabaziko dugu.

Etiquetas: